Politika -
1976ko martxoaren 3
Milaka lagunek hildako bost langileak gogorarazi dituzte Gasteizen
Duela 34 urte Poliziak ehunka langileren aurka egin zuen, elizan batzarra egiten ari zirenean. Hiriburuko kaleetan barrena ibili den manifestaldia bertatik abiatu da.
ETB/Euskadi Irratia
Orain 34 urte izandako tragedia gogorarazteko hainbat ekitaldi egin dituzte gaur, Gasteizen. Iluntzean, milaka lagunek hartu dute parte hiriko kaleetan barrena ibili den manifestazioan. 1976ko martxoaren 3an Poliziak bost langile hil zituen eliza batean eta bertan hasi da manifestaldia, hain zuzen ere.
Duela 34 urte gertatutakoa gogoratu eta salatu dute, eta horrez gain, "erantzukizuna nork duen argitzeko", eskatu dute manifestariek.
Goizean, San Francisco elizaren aurrean, hildako bost langileen omenezko oroitarrian, lore eskaintza egin dute.
"Martxoaren 3ko biktimen elkarteak lanean jarraituko du gogor, bost hildako haiengatik behin betiko justizia egin dadin. Izan ere, oraindik ardurak ez dituzte bere gain hartu, tiroketa bortitzean zerikusia izan zuten agintariek, Fraga Iribarne, orduko Gobernazio ministroa barne", esan du elkarteko bozeramaileak.