Politika -
Auzitegi Nazionala
104 urteko zigorra Narvaez Goñiri, 1991n egindako atentatu bat tarteko
Torremolinoseko kuartel-etxean bonba auto bat zartaraztea leporatu dio Auzitegi Nazionalak ETAko kideari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionalak 104 urte eta 4 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Juan Jesus Narvaez Goñi ETAko kideari, 1991ko apirilaren 16an Torremolinosen (Malaga) egindako atentatu bat dela eta.
Hain zuzen ere, Guardia Zibilaren kuartel-etxearen aurka egin zuen atentatua ETAk, eta, ondorioz, lau pertsona zauritu ziren, tartean neskato bat.
Narvaez Goñiren aurkako froga nagusia auto bat da. Izan ere, atentatuan zartarazitako ibilgailua berak alokatu zuen, egun batzuk lehenago.
Epaiketan, ETAko kideak aitortu egin du autoa alokatu izana, baina gaineratu du ondoren beste pertsona bati eman ziola eta mugitzeko erabiliko zuela uste zuela.
Nolanahi ere, epaileen aburuz, "autoaren alokairuaren eta atentatuaren arteko aldea egun gutxikoa izateak erakutsi egiten du Narvaez planaren parte zela".
Halaber, auzipetuak "lehergailua egiteko ezagutzak" bazituela ebatzi dute, ETAren talde bati atzemandako koaderno batzuetan horren letra agertzen baita. Horietan, "lehergailu anitzak elikatzeko moduak" azaldu ei zituen.
Narvaez Goñi Mexikotik Espainiaratu zuten 2014an, Itziar Alberdi bikotekidearekin batera. Biak klandestinitatean bizi izan ziren 22 urtez.
60 urteko beste kondena bat du, 1991n bi polizia hiltzeagatik.