Politika -
Helikopteroz eraman zuten
Ardanzari tratu berezia eman izana ukatu du Larrialdi zerbitzuak
Larrialdi zerbitzuko zuzendariak azaldu du helikopteroak tankera horretako 325 irteera egin zituela iaz.
Erredakzioa
Teresa Garmendia Eusko Jaurlaritzako Larrialdi zerbitzuko zuzendariak ukatu egin du tratu berezia eman ziotela atzo Jose Antonio Ardanza lehendakariari Galdaoko Ospitalera helikopteroz eramateagatik.
Horren ildotik, Garmendiak gogorarazi du Osakidetzaren helikoptero medikalizatua 2007ko otsailetik dagoela martxan, eta iaz tankera horretako 325 irteera egin zituela. Hori dela eta, Euskalteleko presidentearena "beste bat" baino ez dela izan ziurtatu du.
Gaur goizean Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketa batean, Larrialdi zerbitzuko zuzendariak azaldu du hainbat leku ezarri dituztela ahal bada helikopteroa bidaltzeko larrialdi kasuak edo zirkulazio istripuak jazoz gero.
Besteak beste, Enkarterriak, Lea-Artibaiko eta Lekeitioko inguruak (Bizkaia) eta Arabako erribera jarri ditu adibide.
Dena dela, helikopteroa bidali ahal izateko beste baldintza batzuk bete behar direla gaineratu du: Kasua larria izatea, eguraldia ona izatea eta lekua ez izatea hiria eta ez egotea biztanle asko, "kable ugari baitaude inguru horietan".
Larrialdi zerbitzuko zuzendariak azaldu du 60 toki hitzartu dituztela Udalekin helikopteroa lurreratu ahal izateko. Hala ere, larrialdi kasuetan "edozein zelaitan" egin dezakeela argitu du.
Bengoa: "Helikopteroa bizpahiru aldiz irteten da egunean"
Horren ildotik, Rafael Bengoa Osasun sailburuak azaldu du Osakidetzaren helikopteroa "bizpahiru aldiz" ateratzen dela egunean "Euskadi osotik gaixoak bilatzen", batik bat "urrun dauden lekuetan".
Bengoak azaldu du atzo "garaiz" artatu ahal izan zutela lehendakaria. Horrenbestez, bihotzeko gaixotasunen kasuan laguntza azkar eskatzea premiazkoa dela gogorarazi du.
Azkenik, sailburuak iragarri du arratsaldean Galdakaoko Ospitalera joango dela, Ardanza bisitatzera.
Ardanza, hobera
Jose Antonio Ardanza lehendakaria Mundakako Kanal auzoan duen etxetik eraman zutenhelikopteroz Galdakaoko Ospitalera, "bihotzeko zorrotza" izan eta gero.
Medikuen arabera, "egonkor" dago eta "hobera" egiten ari da.