Politika -
Hauteskunde orokorrak
Erkoreka: 'EAEk aldaketak eskatu ditu gizarte eta lurralde ereduetan'
Espainiako hauteskunde orokorretan izandako parte hartzea 'handia' azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak gaur adierazi duenez, Estatu espainiarreko lurralde eta gizarte ereduetan aldaketak egiteko nahia agertu dute Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek abenduaren 20ko hauteskunde orokorretan.
Erkorekaren esanetan, Ahal Dugu eta EAJ garaile argiak gertatu izanak adierazten du euskal herritarrek gizarte eta lurralde ereduetan aldaketak egitea eskatzen diotela hurrengo Espainiako Gobernuari. Ildo horretan, azpimarratu du bai EAJk eta baita Ahal Duguk ere adostutako eta legezko herri galdeketak egitea defendatzen dutela.
Asteroko Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Espainiako hauteskunde orokorretan izandako parte hartze "handia" nabarmendu du Erkorekak. Horren hitzetan, "panorama irekiago eta anitzagoa" zabaldu da aliantzak osatzeko "aukera handiagoa" aurreko legegintzaldian baino handiagoa delako.
Dena den, Erkorekak ez du Espainiako Gobernua osatzeko balizko itunen gainean hitz egin nahi izan, gai hori alderdi politikoen esku dagoela argudiatuta.
Haren hitzetan, "arazoa ez da nork gobernatuko duen erabakitzea soilik, baizik eta nola eta zertarako galderei erantzutea; izan ere, "Estatu gaiak diren horietan akordio zabalak behar dira".
Bestalde, Rajoyk "euskal agenda"rekiko erakutsi duen "interes eza" azpimarratu ostean, hurrengo Gobernuak Euskadirekiko "interes gehiago" erakutsiko duenaren itxaropena agertu du.
Eusko Jaurlaritzak Katalunia 'zoriondu' du lorturiko aurreakordioagatik
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Katalunia "zoriondu" du Artur Masen inbestiduraren inguruan Junts pel Sik eta CUPek lortu duten aurreakordioagatik. Ildo horretan, Katalunian legegintzaldi "emankorra" izatea eta katalanen eskariei eta aginduei erantzutea espero du.
Asteroko Gobernu bileraren ondotik eskaini duen prentsaurrekoan, Katalunian Junts pel Sik eta CUPeko erdietsi duten akordioa hizpide izan du Erkorekak.
Jaurlaritzako bozeramaileak esan du aurreakordioa baieztatzen den heinean, "oraindik ezin dut ez baieztatu ezta gezurtatu ere", badaudela zorionak emateko arrazoiak.
Katalunian legegintzaldi emankorra izatea eta katalanek hauteskundeetan emandako aginduei eta eskariei erantzutea espero du Josu Erkorekak.