Politika -
Martutenen
Estatu espainiarrarekiko 'haustura demokratikoa' defendatu du Sortuk
Gainera, estrategia egungo egoera politikora moldatzearen alde mintzatu da Amaia Izko Sortuko bozeramailea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sortuk estatu espainiarrarekiko "haustura demokratikoa" aldarrikatu du eta nabarmendu du hori dela "erronka". Aldi berean, ezker abertzalearen egungo estrategia eta askapen nazionalerako eta sozialerako prozesua gaur egungo egoera politikora moldatzea defendatu du.
"Askatasunaren bidean, euskal preso politikoak etxera" lelopean Martuteneko espetxerako martxa egin dute igande goizean. Zutabe bana atera dira Donostiatik eta Hernanitik eta Martuteneko kartzelaren atarian bat egin dute.
Martuteneko kartzelaren atarian ekitaldi politikoa egin dute eta Amaia Izko Sortuko bozeramaileak hartu du hitza.
Izkok azaldu duenez, sakabanaketa politikaren ondorioz "kolektibo osoa Estatu espainiarreko eta frantziarreko kartzelenetan" banatuta dago eta Martuteneko kartzelan ez dago euskal presorik.
Ildo horretan, sakabanaketa politikarekin amaitzea aldarrikatu du beste behin Sortuk. Izkoren esanetan, Sorturen lehentasunen artean dago presoen auziari amaiera ematea eta presoak Euskal Herriratzea ei da "lehendabiziko geltokia". Dena den, haren ustez, azken helburua arrazoi politikoengatik preso daudenen askatasuna lortzea da.
Hori dela eta, indarrak batzeko deia egin du Amaia Izkok. Haren hitzetan, aurreko igandeko hauteskunde emaitzek argi eta garbi erakusten dute ez dagoela "demokraziarako, bakerako eta herri bezala dagozkigun eskubideak aitortzeko tarterik".
"Gaur, argi eta garbi esan dezakegu gure herriaren etorkizuna estatu espainiarrarekiko haustura demokratikoa egitetik etorriko dela. Hori da erronka eta horretarako gure estrategia eta askatasun nazionalerako zein sozialerako prozesua egungo egoera politikora moldatu behar ditugu", gaineratu du. Izkoren esanetan, ezker abertzaleak horretarako gaitasuna duela erakutsi du haren historian zehar eta ziur dago orain ere bide hori hartu behar duela.
"Madrilera eta Parisera begiratzeari utzi behar diogu Euskal Herrian dago-eta giltza", gaineratu du.