Politika -
Batzorde federala
Gobernua osatzen saiatzeko baimena emango dio PSOEk Sanchezi
Sanchezek eta baroi sozialistek bart adostutako akordioa berretsiko dute Ferrazeko egoitzan.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoy PPko buruzagiak gehiengoa lortzen ez baldin badu, Podemosekin eta ezkerreko beste alderdi batzuekin Gobernua osatzen saiatzeko baimena emango dio gaur PSOEko Batzorde Federalak Pedro Sanchez idazkari nagusiari.
Hala, Sanchezek eta baroi sozialistek bart adostutako akordioa berretsiko dute gaur Ferrazeko egoitzan. Bilera 11:00etan hasiko da.
Hauteskundeak ez errepikatzeko, gehiengo alternatibo bat osatzen saiatzeko bideak aztertzeko aukera emango dio ebazpenak presidentegai sozialistari.
Baldintza bezala Podemosek Kataluniako autodeterminazio erreferendumari uko egitea nahi du PSOEk, negoziazioek neurri sozialak eta onbideratze demokratikoa ardatz izateko.
PSOEk (90) eta Podemosek (69) 159 eserleku dituzte. Ondorioz, beste alderdi batzuen babesa beharrezko lukete 176 diputatuen (gehiengo absolutua) muga gainditzeko. IU (2), ERC (9) edo EAJ (6) aukerak dira.
Sanchezek arnasa hartu du
Baroien akordioak Sanchezi arnasa eman zion atzo; izan ere, alderdiko zenbait sektorek zalantza jarri dute buruzagiaren lana. Gainera, adostasunak giroa lasaitu du Batzorde Federalaren atarian.
Baroien bilerak lau ordu baino gehiagoko iraupena izan zuen bart. Susana Diaz, Guillermo Fernandez Vara eta Emiliano Garcia-Page, Andaluziako, Extremadurako eta Gaztela-Mantxako presidenteek, hurrenez hurren, Podemosekin negoziatzea ezinezkoa zela ohartarazi zuten aldez aurretik.