Politika -
Barne eztabaida
Patxi Lopez: 'PSOE ikuskizun deitoragarria ematen ari da'
Lehendakari ohiak uste du Gobernua osatuko den edo hauteskundeak aurreratu beharko diren argitu ostean egin beharko lukeela Alderdi Sozialistak bere kongresua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Patxi Lopez PSOEren Politika idazkariak esan du Alderdi Sozialistaren idazkari nagusi berria aukeratzeko kongresuaren harira sortu den eztabaidarekin “ikuskizun deitoragarria” ematen ari direla.
PSOEko buruzagi batzuek, tartean Susana Diaz Andaluziako presidenteak, biltzarra aurreratzea nahi dute. Pedro Sanchez, berriz, kongresuaren atzeratzearen aldekoa da.
“Kongresua bi hilabetez atzeratzea ez da hondamendia, biltzarra berme gehiagorekin egitea baizik”, esan du Lopezek RNE irratian egindako elkarrizketa batean.
“Hurrengo Batzorde Federalean eztabaida hori argitu behar dugu; izan ere, ikuskizun deitoragarria ematen ari gara publikoki eta hori PSOEren kalterako da”, aitortu du.
Lehendakari ohiak uste du ez dela gauza bera Gobernuan PP egotea, PSOE egotea edo hauteskundeak aurreratu behar izatea. “Kongresua zalantza horiek argitzen direnean egitea komeni da”, erantsi du.
“Alderdi Sozialistaren obligazioa herritarren kezkei erantzutea eta Gobernua osatuko den edo ez itxarotea da, eta ez arreta barne eztabaidetan jartzea”, azpimarratu du.