Politika -
Liburu baten aurkezpena
Bono: "Bakean bizitzeak eskuina eta ezkerra baino gehiago balio du"
"Aurrenekoz, PPk eta PSOEk batera egin dute negar" biktimengatik, esan du Bonok Vidas rotas liburuaren aurkezpenean. ETAk hildako 857 biktimen historiak biltzen ditu liburuak.
Erredakzioa
Espainian bakean bizi ahal izateak "Estatuko eskuina eta ezkerra baino gehiago balio du", esan du gaur Jose Bono Diputatuen Kongresuko presidenteak.
"Aurrenekoz, PPk eta PSOEk batera egin dute negar" terrorismoko biktimengatik, esan du Bonok Vidas rotas (Espasa) liburuaren aurkezpenean. ETAk hildako 857 biktimen historiak biltzen ditu liburuak.
"Herri baten handitasuna bere banderan erreproduzitzen da, eta herri honen handitasuna zaborretik bereizten jakitea izan da", adierazi du Kongresuko presidenteak liburuaren aurkezpenean, Madrileko hotel batean.
Ekitaldian, Esperanza Aguirre Madrileko presidentea izan du lagun Bonok. Rogelio Alonso liburuko egileetariko bat bertan izan da, eta baita Terrorismoko Biktimen Fundazioko ordezkariak ere.
ETAren historia "hitzak usteltzen dituen atsekabe bide bat da", azpimarratu du Bonok.
Aguirre
Bestalde, Vidas rotas "izenik ez dutenak ondratzeko testigantza iraunkorra da", adierazi du Aguirrek, terrorismoaren biktimei erreferentzia eginez. Era berean, liburuak ahanzturaren kontra borroka egiten duela esan du, ETAk hildako lagunak ondratuz.
"Biktimak ohoratzeko erarik onena ETA garaitzea da, eta hori lortzeko bidea Justizia da", erantsi du Aguirrek.