Politika -
Izendapena
Alain Rousset sozialista izango da Akitania berriko presidente
108 boto jaso ditu (guztira 183 dira), eta hamar izango dira Akitania-Limousin-Poitou-Charentes eskualde berriaren kontseiluan izango diren Ipar Euskal Herriko hautetsiak.
erredakzioa | eitb.eus
Alain Rousset sozialistak kudeatuko du Akitaniako eskualde berria, Limousin, Poitou eta Charentes ere barne hartzen dituena. Ezagutzen du zeregin hori; izan ere, 1998tik lan horretan aritu da Akitanian.
Hautagai sozialistak aldeko 108 boto jaso ditu (guztira 183 dira); Jacques Colombiers Fronte Nazionalekoak, 29; eta 46 boto zuri edo baliogabe izan dira.
Ia sei milioi biztanle ditu Akitaniako eskualde berriak, Limousin, Poitou eta Charentes lurraldeak hartu dituenetik frantziar estatuko eskualde handiena izaki.
Ekologistei esker lortu du laugarren agintaldia Roussetek, eta hori oso presente eduki beharko du legealdi guztian; izan ere, berdeen 17 hautetsien bozak ezinbestekoak dira gehiengo absolutua lortu eta aurrekontuak aurrera ateratzeko.
Ekologisten laguntza eskuratzeko Bordele eta Gipuzkoa arteko AHTaren finantzazioari uko egin behar izan zion Roussetek. Baina ez du erabat baztertu Euskal Yaren proiektua. Beste finantzabide batzuk jorratuko ditu sozialistak, eta baliteke horrek tira-birak sortzea koalizioko kideekin. Ekologistek Ipar Euskal Herriko laborantzari eman nahi diote lehentasuna.
Laborantza ganberaren alde aritu da lanean urte luzez Andde Saint Marie Akitaniako Ganberan eseriko den Ezker Abertzaleko lehen militantea. Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia independente modura joan da sozialisten zerrendan. Saint Marie AHTaren aurka dago erabat, eta bere lehentasuna Hego Euskal Herriarekin loturak estutzea da.