Politika -
Eztabaida gogorra Senatuan
Garcia-Escudero (PP): "Chavez demokraziaren parasitoa da"
Senatuko PPren bozeramailearekin eztabaida gogorra izan du Zapaterok, izan ere, Espainiako Gobernua "Kubaren eta Venezuelaren antzeko diktadurekin atsegin" aritu dela esan du Garcia-Escuderok.
Erredakzioa
Pio Garcia-Escudero Senatuko PPren bozeramaileak gogor kritikatu du Espainiako Gobernuak Venezuelarekiko eta Hugo Chavez presidentearekiko mantentzen duen politika. Chavez "demokraziaren parasitotzat" jo du PPko bozeramaileak. Chavez boterera heltzeko demokraziaz baliatu dela salatu du Garcia-Escuderok. Esan duenez, askok "susmatzen zutena" baieztatu du Velascoren autoak, Venezuela "terroristen gotorlekua" dela, alegia.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak eztabaida gogorra izan du Senatuko PPren bozermailearekin, izan ere, Exekutiboa "Kuba eta Venezuela bezalako diktadurekin atseginez" aritu dela adierazi du Garcia-Escuderok. Auzitegi Nazionalak Caracasek ETArekin eta FARCekin duen loturaren zantzuak aurkitu ostean, Gobernuak izandako jokabidea "lotsagarritzat" jo du PPko ordezkariak.
Bestalde, giza eskubideen politika defendatu du Zapaterok, "koherentea eta eragingarria" delako. Irakeko gerra bezalako "legez kontrako gatazken" kontra egin izana adibidetzat jo du Gobernuko presidenteak, eta baita Guantanamoko espetxea ixteko laguntzea ere.
Kuban bere politika "eragingarria" dela azpimarratu du Exekutiboko buruzagiak, PPk giza eskubideekin praktikatzen duen "alderdikeria", "erretorika" eta "harrotasunaren" aurrean.
"Gobernuaren ondoan jar zaitezte atzerri politikako eta ETAren kontrako borrokako gai garrantzitsuetan, ia sekula ez duzue egiten, Gobernuaren alboan jarri noizbait", erantzun du Zapaterok.