Politika -

Funtzionario baten hilketa

28 urteko zigorra ezarri diete Subijana eta Bravo ETAko kideei

Juan Carlos Subijana Txanpi eta Zigor Bravo Kepa 2000n informazio talde bateko kide zirela eta Maximo Casadoren hilketan parte hartu zutela frogatutzat jo du Auzitegi Nazionalak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos Subijana eta Zigor Bravo ETAko kideak zigortu ditu Auzitegi Nazionalak eta 25 urteko espetxe-zigorra ezarri die Maximo Casado funtzionarioaren hilketan parte hartzeagatik. Era berean, beste hiru urteko zigorra jarri die 20 bat ibilgailutan eragindako kalteengatik.

Gainera, biktimaren alargunarengana eta alabarengana bost urtez hurbiltzea debekatu die Auzitegiak, eta baita Gasteizera edo senideen etxebizitzetara hurbiltzea ere.

Juan Carlos Subijana Txanpi eta Zigor Bravo Kepa ETAko kideak zirela frogatutzat jo du Auzitegiak, eta baita 2000n informazio talde bateko kideak zirela ere. Maximo Casado Carrera Langraizeko espetxearen funtzionarioa gurasoen etxean bizi zela eta garajean bere ibilgailua aparkatzen zuela ezagutzen zuen Bravok.

Atentatua lapa-bonbarekin

Horrela, ETAko kide ezezagunek lapa-bonba bat jarri zuten gidariaren eserleku parean, funtzionarioaren ibilgailuan, eta 2000ko urriaren 22an lehertu zen. Leherketaren eraginez, Casado hil zen.

Akusatuen etxebizitzetan atzemandako dokumentuek ETArekin zuten harremana eta informatzaile lana agerian uzten dutela uste du Auzitegiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea