Politika -

Alderdien Legea

Basagoiti: "Legea hobetu behar da ETAri zirrikiturik ez uzteko"

Bere esanetan, azken gertakariek agerian utzi dute Rodolfo Aresek ez duela "arrazoirik". Izan ere, "zirrikiturik" ez uzteko hauteskunde sistemak "berme nahikoak" zituela esan zuen sailburuak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren kontra "asmatzeko" momentua dela esan du Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak eta horregatik "hauteskundeetako oinarrizko zenbait arau hobetzeko" beharra ikusten du, 2011n ezker abertzalea udal-hauteskundeetara aurkeztea ekiditeko.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak "arrazoirik ez" duela agerian utzi dute gertakariek, Basagoitiren hitzetan. "Zirrikiturik" ez uzteko hauteskunde sistemak "nahikoa berme" zituela esan zuen Aresek atzo. Egungo Alderdien Legearekin Batasuna "40 bat" udaletan dago "ETA defendatzen", ANVren bidez, PPko agintariaren esanetan.

Cristina Ruiz PPren Bilboko Alkatetzarako hautagaia aurkezteko prentsaurrekoan, bere alderdia "hobekuntza batean lan egiten ari" dela esan du PPko buruzagiak, baina "Alderdien Legea ukitu beharrik gabe". "Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea edo arauren bateko zati oso konkretuei buruz hitz egitea" aukera izan daiteke, Basagoitiren ahotan.

PP egiten ari den proposamenak "hauteskundeetako oinarrizko arau batzuk hobetu nahi ditu, Batasuna, ETAren parte, ezer gaitzetsi gabe eta legez kanpo, udaletan ez izateko", erantsi du Basagoitik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea