Politika -
Katalunia
Horrelakoa izango da inbestidura saioa
Carles Puigdemont Kataluniako presidente izendatuko dute gaur, 17:00etan; Generalitateko 130. Presidentea izango da.
Agentziak / eitb.eus
Kataluniako Parlamentuak Carles Puigdemont (CDC) Gironako alkate eta AMIko presidente izendatuko du Generalitateko 130. presidente. 2010etik, bost urtez, presidente izan den Artur Mas ordezkatuko du karguan.
Inbestidurako osoko saioa 17:00etan abiatuko da eta ezohikoa izango da: igandez egingo da eta presidentea aukeratzeko epea agortzear dela. Izan ere, gauerdian amaitzen da presidente berria izendatzeko epea.
Carles Puigdemonten hitzaldiak emango dio hasiera saioari, 17:00etan, eta ez du denbora mugarik izango. Ondoren, taldeen txanda izango da. Talde bakoitzak (sei talde dira) 30 minutuko txanda izango du. Ondoren, Puigdemontek erantzungo die, banaka edo denei batera egin dezake. Taldeek erreplika egiteko aukera izango dute gero. Ondoren izango da bozketa; 21:00ak aldera.
Azken unea
Junst pel Sik eta CUPek azken unean itxitako akordioaren ondoren dator gaurko inbestidura. Duela egun gutxi ezinezkoa zirudien akordioa erdietsi zuten atzo. Izan ere, Mas presidente izan edo ez zen eztabaidagai nagusia.
Azken asteetan ezezkoa esan badu ere, Masek amore eman du eta "alde batera" jarri dela esan zuen atzo. Dena dela, politika ez duela utziko adierazi zuen, prozesuaren alde lanean jarraituko duela eta aurten berritze prozesua egingo duen bere alderdian lanean ariko dela aurreratu zuen.
68 boto
Lehen itzulian presidente izendatzeko Puigdemontek gehiengo osoa behar du (68 boto). Hori dela eta, Junts pel Siren 62 diputatuei CUPek dituen 10 diputatuetatik 6 batu behar zaizkio derrigorrez. Masek adierazi duenez, gehiago izatea espero du.
Joan den azaroan egin zen inbestidura saioan Mas izan zen hautagai. Orduko hartan 62 boto jaso zituen, CUPeko diputatuek ezezkoa eman zutelako, gainerako oposizioko taldeek bezala.
Jardunean den Generalitateko presidenteak larunbateko agerraldian adierazi duenez, Junst pel Siren eta CUPen akordioak egonkortasuna emango dio legegintzaldiari. Horregatik, CUPen botoak giltzarri izango dira. Junts pel Sik 62 diputatu ditu, independentziaren alde ez dagoen oposizioak 63 –Ciudadanos, PSC, PP eta SiQuespot-. Horrenbestez, CUPeko 10 dipuatuek izango dute giltza. Atzo erdietsitako akordioaren arabera, CUPeko bi diputatu Junts pel Siren taldera igaroko dira.
Kataluniako Parlamentuan demokrazia ezarri zenetik, lehen aldiz hiru bozketa egin behar izango dira (Masek ez zuen gehiengorik lortu lehengo bi bozketatan) hautagai bat presidente izateko. Gainera, hautagai bat aldatzen den lehen aldia da.
1980tik lau presidente izan ditu Kataluniak: Jordi Pujol, Pasqual Maragall, Jose Montilla eta Artur Mas, Bartzelonako zerrendaburuak denak ere. Puigdemont Gironako zerrendetan joan zen, hirugarren tokian.