Politika -

11 hilabete desagertuta

Polizia judizialak gorpua Jon Anzarena dela baieztatu du

Ezker abertzaleak gogoratu du Anzaren desagertzea salatu zenean Tolosako gorputegia izan zela miatutako lehen tokia. Kasua ikertzen ari den Baionako fiskalak prentsaurrekoa emango du 15:30ean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tolosako (Frantzia) gorputegian atzo topatutako hilotza Jon Anzarena dela baieztatu du gaur goizean Baionako Poliziak judizialak. Anzaren familiak goizean identifikatu du hilotza.

Baionako Fiskaltzak ikerketa bat jarri zuen abian, 2009ko maiatzaren 17an Jon Anzaren senideek haren desagertzea salatu eta gero. Gaur arratsaldean (15:30) Anne Kayanakis Baionako fiskalak prentsaurrekoa eskainiko du Justizia Jauregian xehetasun gehiago emateko.

Jon Anza 2009ko apirilaren 18an ikusi zuten azkenekoz Baionako tren-geltokian Tolosarako trena hartu zuenean. Tolosan, ETAko kideekin bildu behar zen dirua emateko, baina inoiz ez zen hitz-ordura iritsi, ETAk berak agiri baten bidez berretsi zuenez.

Atzo arratsaldeko azken orduan Espainiako eta Frantziako zenbait komunikabidek Jon Anzaren gorpua agertu zela zabaldu zuten. Hilotza Tolosako gorputegian agertu zen eta, ustez, 2009ko maiatzetik dago bertan.

Komunikabide horien arabera, Tolosako kale batean aurkitu omen zuten 2009ko apirilaren 29ko gauean, galduta eta bihotzekoak eman zionaren zantzuekin. Beraz, erietxe batera eraman zuten, eta astebetera hil omen zen, maiatzaren 11an. Ordutik, gorputegian egon dela eta gorpuak indarkeria zantzurik ez duela adierazi zuten.

Iturri horiek azaldu zutenez, Anzak ez zuen inolako nortasun agiririk soinean. Tren txartel bi zituen; horietako bat apirilaren 18koa, hau da, Baiona eta Tolosa arteko bidaia egin zuela egiaztatzen duena.

Bestalde, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ere baieztatu du hilotza Jon Anzarena dela, baina zenbait komunikabidek zabaldu duten bertsio ofiziala ukatu dute. "Frantziako Poliziak atzo egindako filtrazioak helburu argia dauka: Anzaren heriotza naturala izan dela sinestaraztea", salatu dute ohar baten bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea