Politika -

Katalunia

Puigdemontek 'estatu berri baten atarira' eramango ditu katalanak

Kataluniako Parlamentuko lehen osoko bilkuran egindako hitzaldian, oposizioarekin "elkarrizketa etengabea" izango duela esan du Generalitateko presidenteak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak promes batekin abiatu du Kataluniako Parlamentuaren XI. legegintzaldiaren lehen osoko bilkura: katalanak "estatu berri baten atarira" eramango dituela eta Kataluniako Gobernuaren esku dauden zerbitzuei eutsiko diela agindu du.

Presidente kargua hartu zuenetik Parlamentuan egin duen lehen hitzaldian, deskonexio prozesua eta krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak izan ditu ardatz Puigdemontek. "Inork ez dezala zalantzan jarri. Gobernu honek dituen eskuduntza guztiak baliatuko ditu, muga-mugara eramanda, krisi ekonomikoaren ondorioen aurrean herritarrak defendatzeko", esan du.

Gobernagarritasuna hizpide, oposizioko taldeekin "elkarrizketa etengabea" izateko eskatu die 13 kontseilariei, CUPekin duen akordioaz harago.

"Ituna dugu CUPekin, baina ez gara horrekin konformatzen eta ez dugu geure burua mugatu nahi. Beste alderdi batzuekin ere ahal beste akordio lortzeko prest gaude", adierazi du.

Puigdemonten hitzetan, bere gobernua "berritua, ordenatua eta modernoa" da eta Kataluniako hauteskundeen agindu demokratikoa eta independentziaren ibilbide-orria betetzeko konpromisoa du.

Lau ildo nagusi

"Irailaren 27ko hauteskundeen ondorio zuzena da gobernu hau. Horrenbestez, lau oinarri edo ildo nagusi izango ditugu", azaldu du.

Hauek dira ildo nagusi horiek, Puigdemonten ahotan: lehena, herri bidezkoagoa, zuzenagoa, osasuntsuagoa, seguruagoa eta kultuagoa eraikitzea; bigarrena, susperraldi ekonomikoa finkatzea, kalitatezko enplegu egonkorra sortuta; eta hirugarrena, Katalunia kalitate demokratiko handiko herri bihurtzea, gardentasuna eta parte-hartzea erreferente dituela.

Laugarrenean, berriz, parte hartzea oinarrian izango duen prozesu eratzailea burutu, estatu egiturak eta horretarako behar diren legeak diseinatu, eta prozesu independentista nazioartean erabat burutuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Gaurko azken ordukoa Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès albisteak