Politika -
ANren ebazpenaren kontra
Gorenak absolbitu egin du Beitialarrangoitia
Auzitegi Gorenak atzera bota du Auzitegi Nazionalak, terrorismoa goratzea leporatuta, Hernaniko alkateari ezarri zion urtebeteko espetxe zigorra eta zazpi urteko gaitasungabetzea.
Euskadi Irratia
Auzitegi Gorenak absolbitu egin du Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatea. Auzitegi Nazionalak urtebeteko espetxe zigorra eta zazpi urteko gaitasungabetzea ezarri zion terrorismoa gorestea leporatuta, baina Gorenak atzera bota du Auzitegi Nazionalaren ebazpena eta zigorrik gabe utzi du Hernaniko alkatea, Auzitegiko iturriek jakitera eman dutenez.
Auzitegi Goreneko 5 magistratuetatik 4ren botoekin, ezerezean utzi dute Auzitegi Nazionalak bere garaian Marian Beitialarrangoitiaren kontra eman zuen epaia. Absoluzioaren alde agertu dira, ez baitute deliturik ikusten Hernaniko alkateak egin zituen adierazpenen atzean, adierazpen askatasunaren baitan kokatu dituzte bere adierazpenak.
Eztabaida uste baino gehiago luzatu da gaiari buruz zituzten ezadostasunen ondorioz eta horren adierazgarri epaileetako baten, Julian Sanchez magistratuaren, boto partikularra.
Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak txalo zaparrada eskatu zuen Igor Portu eta Mattin Sarasola ETAko ustezko kideentzat, atxilotu zituztenean. Epaiketan zehaztu zuen, ordea, eurenganako maitasun-keinu bat izan zela atxilotu ostean ustez jaso zituzten tratu txarrengatik.
Auzitegi Gorenak uste du Hernaniko alkateak ez zuela ETA goraipatu, baizik eta "maitasuna" adierazi ziela Porturi eta Sarasolari.
Auzitegi Gorenaren arabera, ez zen terrorismoa goratu, "ustez sufritu zituzten torturak salatu zituen, eta horrekin lotuta, beroa eta gertutasuna helarazi zien egoera gainditzeko".
Azaldu duenez, "alkateak torturatzea leporatu zien Segurtasun Indarrei, eta hori Segurtasun Indarren kontrako irain delitua izan dateke", baina akusazio hori kendu egin zioten eta Gorenak ezin du horren inguruko ebazpenik eman.