Politika -

Otsailak 17

Arraizek inputatu gisa deklaratu beharko du 'xake-mate' auziagatik

Sorturen presidenteak Guardia Zibilari "xake-mate" egiteko eskatu zuen 2015eko urtarrilaren 12an, abokatuen kontrako operazio baten ostean.

Hasier Arraiz Sorturen presidentea. Argazkia: EiTB
Hasier Arraiz Sorturen presidentea.
Hasier Arraiz Sorturen presidentea. Argazkia: EiTB

Agencias | Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasier Arraiz Sorturen presidenteak inputatu gisa deklaratu beharko du datorren otsailaren 17an Guardia Zibilaren kontrako irainak leporatuta, Guardia Zibilari "xake-mate" egiteko eskatu baitzuen 2015eko urtarrilaren 12an, abokatuen kontrako operazio baten ostean.

Arraizek bi prentsaurreko eman zituen, egun hartan eta otsailaren 14an. Lehenengoan euskal gizarteak Guardia Zibilari "xake mate" egin behar ziola eta indar armatuek Euskal Herritik alde egin behar zutela esan zuen.

Bigarrenean, berriz, argitu zuen Euskal Herrian zegoen indarkeria bakarra Espainiako Estatuarena zela, eta "indarkeriazko mehatxu bakarra" Guardia Zibila eta gainerako "errepresio" indarrak zirela.

Dignidad y Justiciak kereila aurkeztu zuen adierazpen horien harira, eta salaketa hori tramitera onartu zuen Auzitegiak.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, kereilan salatutako gertakariek Estatuaren Segurtasun Indarren kontrako irainen zantzuak dituzte.

Epaileak txostenak eskatu dizkie Guardia Zibilari eta Ertzaintzari salatutako gertakariak egiaztatze aldera. Era berean, "ETA erakunde terroristak Estatuko segurtasun indarrak Euskal Autonomia Erkidegotik eta Nafarroatik egozteko aldarrikapen historikoaz" ere informazioa eskatu du.

Arraizen hitzordua hilaren 17an izango da, EAEKo Justizia Auzitegi Nagusian, 10:00etan, eta "inputatu gisa" deklaratuko du.

"Adierazpen askatasunaren" kontrakoa

Surtuk adierazi duenez, Arraiz inputatzeak "adierazpen askatasunaren oinarrizko eskubidea urratzen du, eta "politika disidentea epaitzen" dela agerian utzi.

Alderdiak berretsi duenaren arabera, "Estatu espainiarrean jazarpen ideologikoa egiten dute disidentziaren aurka, Poliziak eta epialeek hala eskatuta, eta gertakariak ditugu oinarri gisa".

Gainera, Sorturen esanetan, Guardia Zibila eta beste polizia batzuek "oinarrizko eskubideak, esaterako adierazpen askatasuna eta ekintza politikoa, zaintzeko eta urratzeko eskumena hartzen dute bere gain eta, testuinguru horretan, Hasier Arraiz inputatzeko oinarritu diren mezua berretsi egin behar da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sorturen azken albisteak Hasier Arraiz berriak ETA gaur Gaurko azken ordukoa