Politika -
Bakea eta bizikidetza
'Memoriaren Plaza'k ateak ireki ditu Bilbon
Erakusketak biktimen eta herritarren testigantzak biltzen ditu, guztien artean adostutakoa eta aniztasuna errespetatuko duen oroimena eraikitzeko asmoz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
‘Memoriaren Plaza’ izeneko erakusketa inauguratu dute Bilbon. Biktimen eta herritarren testigantzak biltzen ditu, “memoria anitza eta konpartitua” eraikitzeko helburuarekin.
Horrez gain, ‘Bilboko Bake eta Bizikidetza Foroa’ jarriko dute abian, “elkarbizitza eraikitzeko jarraitzeko topagunea”, Juan Maria Aburto alkateak iragarri duenez.
‘Memoriaren Plaza’ ekimen ibiltaria da, otsailaren 12a arte Bilboko Areatzan egongo da, baina ondoren beste hainbat hiri eta herritan jarriko dute ikusgai erakusketa.
Inaugurazio ekitaldian herritarrak eta agintari politikoak izan dira, hala nola, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza idazkaria, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria, Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, Juan Calparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburua, Andoni Ortuzar eta Itxaso Atutxa EAJko buruzagiak eta Julen Arzuaga (EH Bildu), Jose Antonio Pastor (PSE-EE) eta Carmelo Barrio (PP) legebiltzarkideak.
Erakusketaren gune ezberdinak bisitatu dituzte eta, beraz, biktimen testigantzak entzuteko aukera izan dute, 1936ko Gerrako eta frankismoarenak, ETArenak, GALenak edo beste talde batzuenak nahiz Poliziaren indarkeriarenak.
Horrez gain, erakusketa ikustera hurbiltzen diren herritarrek beren testigantzak edo ekarpenak idazteko aukera izango dute. Idatzi horiek Gogora Institutuaren webgunean eta 'Memoriaren Plaza' egitasmoaren atarian ikusgai izango dira. Ezenarroren esanetan, “oroimena guztion artean eraikitzea da”.
(Aintzane Ezenarro, Iñigo Cabacasen gurasoekin. Argazkia: EFE)
Bilbon inauguratutako 'Memoriaren Plaza'k biktimen zerrenda luzea biltzen du, baina izen horien artean ez dago Iñigo Cabacasena. Athleticeko jarraitzailea Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilotakada baten ondorioz hil zen.
Gurasoek “errekonozimendua” eta “erreparazioa” eskatu dute, beren semea gainerako biktima guztiak bezala aintzat hartzeko exijitu dute.