Politika -
Auzitegi Nazionala
ANC ikertuko dute, Katalunian mozio independentistak bultzatzeagatik
Epaileak Kataluniako Asanblea Nazionalaren inguruko txostenak eskatu dizkio Poliziari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak Kataluniako Asanblea Nazionala (ANC) ikertzeko agindua eman du, udaletxeetan mozio independentistak eztabaidatzea bultzatuz, errebolta eta sedizio delituak egin dituelakoan.
Gaur zabaldutako autoaren arabera, Vicheko Udalak independentziaren alde onartutako adierazpena legez kanpokoa izan daitekeen edo ez ikertuko du epaileak, eta horretarako, Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta Esquadra Mossoei ANCri buruzko txostenak eskatu dizkie. Era berean, Kataluniako Independentziaren aldeko Udalerrien Elkartea eta Kataluniako Udalerrien Elkartea ikertzeko galdegin die.
Epaileak uste du Kataluniako Parlamentuak independentziaren alde onartutako adierazpena babesteko mozioak “bultzatu eta sustatu” zituztela hiru elkarteek. Horrenbestez, talde horien inguruko informazio zehatza eskatu du: estatutuak, elkarteko kideen zerrendak, finantzazio-iturriak nahiz haien jarduna.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak hala eskatuta hasi du ikerketa Ismael Moreno epaileak.