Politika -
50.000 euroko fidantzapean
Fiskaltza ez dago Permach, Alvarez eta Aldasoro aske uztearen aurka
Aske uzteko eskatu diote Batasuneko buruzagi ohiek Auzitegi Nazionalari arrazoi pertsonalak argudiatuta, besteak beste, espetxean sartzeak senideengan izan duen eragina.
Erredakzioa
Joseba Permach, Joseba Alvarez eta Juan Cruz Aldasoro Batasunako buruzagi ohiak aske geratzearen kontra ez dagoela esan du gaur Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Askatasuna 50.000 euroko fidantzapean izango litzateke eta Espainiara ez sartzeko debekuarekin. Hiru agintariak 2007az geroztik dira espetxean, Batasunako sumarioan epaitzeko zain.
Arnaldo Otegi Batasunako bozeramaile ohiak egin bezala, ETAren finantzaketa herriko tabernen bidez ikertzen ari diren auziko hiru inputatu horiek Auzitegi Nazionalari aske uzteko eskatu diote, arrazoi pertsonalak argudiatuta, besteak beste, kartzelan sartzeak senideengan izan duen eragina.
Otegi urritik dago preso legez kanpo den alderdia berreraikitzen saiatzea egotzita. 35/02 sumarioan aske geratzea ukatu egin dio Ministerio Publikoak Batasunako bozeramaile ohiari, iragan udan Estatutik ateratzeko debekua hausteagatik, izan ere, Frantziara "gutxienez bi aldiz" joan zen ETAko kideekin elkarrizketak izateko.
Dignidad y Justicia
Bestalde, Otegi aske uztearen kontra azaldu da Diginidad y Justicia elkartea. Era berean, Permach, Alvarez eta Cruz Aldasoro ezin dituztela aske utzi uste du elkarteak, "ihes egiteko" eta "delitua errepikatzeko arrisku handia" delako.
Elkarteak herri akusazioaren lana egiten du terrorismoko auzietan, Auzitegi Nazionalean. Otegik eta Batasunako beste hiru buruzagi ohiek espetxean jarraitu behar dutela esan du Dignidad y Justiciak, epaiketan izango direla ziurtatzeko. Epaiketa urtea amaitu baino lehen egingo dute seguruenik.