Politika -
Diputatuen Kongresua
Podemos 'oilategitik' ateratzea adostu du Kongresuko Mahaiak
Sozialisten albora aldatu dituzte Podemoseko diputatuak. Hala, Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias lerro berean eseriko dira, hots, lehendabizikoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Diputatuen Kongresuko Mahaiak aho batez onartu du Podemosek egindako proposamena eta, horrenbestez, "oilategitik" sozialisten albora aldatu dituzte alderdi moreko diputatuak. Hala, Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias lerro berean, lehen lerroan, eseriko dira; hots, Gobernuko kideak esertzen diren aulki urdinen gainean.
Kongresuko Mahaiaren bileraren ondotik iragarri dute PP, PSOE, Podemos eta Ciudadanos alderdiek hitzartutako erabakia. Azkenean, beraz, Podemoseko diputatuak tokiz mugitzea onartu dute.
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak Podemoseko diputatuen lekualdatzea errazteko prest azaldu zen aurreko astean. Sanchezek adierazpen horiek egin aurretik, Kongresuko Mahaiak Podemosi ohartarazi zion ez zuela haren proposamena aintzat hartuko, baldin eta proposamen horrek Mahaiak onartutakoak baino babes txikiagoa balu.
Azkenean, aurrera atera da Podemosek egindako bigarren proposamena. Podemos kexu agertu zen diputatuen banaketarekin, Podemoseko inor ez zela lehen lerroan eseriko eta alderdiko diputatu asko "oilategian" eseriko zirela argudiatuta.
Banaketa berriaren ondotik, PSOE hemiziklikoaren ezker aldean mantenduko da, baina tokia Podemosekin partekatuko du; izan ere, alderdi moreko hiru kide lehen lerroan eseriko dira. Bestalde, ERC haren betiko tokira itzuliko da eta Ciudadanosek lekuari eutsiko dio.