Politika -
Data-aldaketa
Sortuk maiatzera edo ekainera aurreratuko du bere lehen biltzarra
Ezker abertzalearen barruan egiten ari diren 'Abian' eztabaida-prozesuaren ostean egingo da, hark zehaztuko baitu 'joko-eremua'.
Agentziak | Erredakzioa
Sortuk bere lehendabiziko biltzarra egiteko datak aurreratzea erabaki du. Gauzak horrela, maiatza edo ekaina artean egingo da, Pernando Barrena eta Amaia Izko bozeramaileek gaur Donostian emandako prentsaurrekoan jakitera eman dutenez.
Barrena eta Izkok adierazi dutenaren arabera, azken urteetan "oso aldakor" dabilen agertoki politikoaren aurrean, ezker abertzaleak honako hau iritzi dio: "ezinbestekoa dela ikuspuntu estrategikoa doitzea, ikuspuntu hori kontuan izanda birkokatzea, eta, beraz, funtzionamendua hobetzeko hausnarketa politikoari ekitea".
Adierazi dutenez, aipatutakoa dagoeneko egiten ari diren prozesua da; horren adierazle aste honetan bertan aurkeztu den Abian agiria aipatu dute eta berak dakarren eztabaida-prozesua, etorkizuneko "joko-eremua" zehaztuko duena. Horren ostean, "joko-eremu" horretan garatuko dute bai Sortuk, bai ezker abertzaleko gainerako erakundeek (LAB eta Ernai).
Sorturen kasuan, "oinarri ideologikoak, jarraibideak eta erakunde-eredua egokitzera" joko dutela adierazi dute; modu horretan, "Abian" prozesuan ezarritako parametroen barruan, dagokion ekimen politikoari heltzeko asmoz, aldebakartasunean sakonduz eta prozesu independentistan aurre egiteko helburuarekin.
"Ulertu dugu komenigarriena biltzarra uda baino lehen egitea dela, orduantxe baita unerik egokiena; hau da, ezker abertzale osoaren eztabaida-prozesua (Abian) bukatu berritan. (Sortuk 2013an egin zuen biltzar eratzailea Iruñean, eta bere estatutuek biltzarra lau urtetik behin egitea jasotzen dute).
Hauteskundeak
Kazetariek Barrenari galdetu diote hauteskunde orokorrak berriro egitekotan (Gobernu zentrala osatzeko ezintasunaren aurrean), horrek Sorturen biltzarra bertan behera uztea eragingo lukeen ala ez, eta Barrenak honako hau erantzun du: "hori horrela gertatuz gero, kontuan hartu beharreko aukera litzateke".
"Argi dago hauteskunde orokorrak berriro egingo balira, horrek Sorturen arreta beharko luke EH Bilduren barruan, eta une horretan lehentasunak zehaztu beharko lirateke, baita bi zeregin horiek aldi berean egin daitezkeen ala ez". Dena dela, "hasiera batean, behintzat, lehentasuna udaberrian egitea da", azaldu du.