Politika -
Sanchezekin elkartu ondotik
PPk Espainiako Gobernua gidatzeko eskubidea aldarrikatu du
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak azpìmarratu duenez, alderdi bozkatuenak gobernatu behar du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PPko presidenteak "Alderdi Popularraren hauteskunde garaipena eta Espainiako Gobernu berria gidatzeko eskubidea" aldarrikatu du, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin Espainiako Diputatuen Kongresuan elkartu eta biharamunean.
Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak azpimarratu duenez, PPri dagokio hurrengo Espainiako Gobernua gidatzea hauteskundeetako alderdi bozkatuena den heinean.
Rajoyk aldarrikapen hori egin du Murtziako PPren zuzendaritzaren batzarraren hasieran egin duen hitzaldian.
Murtziako 'popularren' lurralde zuzendaritzaren batzarra 11:00etan hasi da eta bertan izan dira Ramon Luis Valcarcel Murtziako PPren presidentea, Pedro Antonio Sanchez Murtziako PPko idazkari nagusi eta Murtziako Autonomia Erkidegoko presidentea, PPko alkate eta presidenteak, Murtziako Parlamentuko eta Espainiako Diputatuen Kongresuko Murtziako PPko diputatuak, senatariak eta auzo zein alkate-auzoetako presidenteak.
Abenduaren 11n, Espainiako hauteskunde orokorretako hauteskunde kanpainaren baitan, izan zen azkenekoz Rajoy Murtzian. Kanpainaren baitan, hitzaldia ematekoa bazen ere, azkenean bertan behera utzi zuen Kabulgo atentatuengatik.
Hala ere, oholtza gainera igo zen eta, doluminak eman ondoren, minutu bateko isilunea egin zuen ekitaldira bertaratu ziren militante eta alderdikiderekin batera.