Politika -
Balearrak
Palma Arenako bileretan sinadura jarri zuela onartu du Matasek
Madrilgo etxebizitzaren jabea ez dela adierazi du Balear Uharteetako presidente ohiak eta Reus izen-mailegatzaile gisa erabili duenik ukatu du. Bitartean, Matasen emazteak deklaratzeari uko egin dio.
Erredakzioa
Jose Luis Pepote Ballester Kiroletako idazkari nagusi ohia Illesport Fundazioko bileretan hartutako erabakien arduraduna dela esan du gaur Jaume Matas Balear Uharteetako presidente ohiak, iturri juridikoek jakitera eman dutenez. Palma Arena belodromoaren eraikuntzan parte hartzen zuen Balearretako Gobernuak elkarte horren bidez.
Gainera, Madrilgo etxebizitzaren jabea ez dela adierazi du Matasek eta Reus izen-mailegatzaile gisa erabili duenik ukatu du. Bien bitartean, presidente ohiaren emazteak deklaratzeari uko egin dio.
Epailearen aurrean egindako agerraldian, obren ardura Pepote Ballesterren eskuetan laga zuela adierazi du Matasek, izan ere, presidente gisa ekitaldi ugaritara joan behar zuen eta horrek ez zion astirik uzten PPren iragan legealdiko azpiegitura nagusiaren lanen gainean egoteko.
Fundazioko bileren zenbait agiritan bere sinadura dagoela onartu du Matasek, Jose Castro Palma Arena auziko epaileak agiriak erakutsi dizkionean. Hala ere, Fundazioko batzarretara joan denik ukatu du presidente ohiak, lehen bilera kenduta, Illesport osatu zenean.