Politika -
Balantzea
2012-2015 aldian 7.100 lagun atxilotu dituzte ustelkeriarekin lotuta
2015ean 2.442 lagun hartu zituzten atxilo. Barne ministroaren esanetan, Espainiako segurtasun indarrek ez dute alderdi politikoen artean bereizketarik egiten.
Agentziak | Erredakzioa
Azken legegintzaldian (2012 eta 2015. urteen artekoa) 7.140 lagun atxilotu zituzten Espainiako Estatuan ustelkeria delituekin harremana zutelakoan. Datua Espainiako Barne Ministerioak eman du.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak esan duenez, 2015ean, urtebetean bakarrik, 2.442 lagun hartu zituzten atxilo. Ministroaren hitzetan, datuok argi erakusten dute Espainiako Gobernuak jarrera "irmoa eta argia" duela ustelkeriaren kontra.
"Pentsa liteke Espainiak ustelkeriarekin arazoa duela, baina argi dago Legearen aurrean ez dagoela bereizketarik", adierazi du Fernandez Diazek, Estatuko segurtasun indarrek zein alderdi politikori eragiten dion begiratu gabe jarduten baitute, horren esanetan.
Ministroak azaldu duenez, berez ez dago ustelkeriaren aurkako deliturik, baina bai horri lotutako 40 bat delitu. Azken hiru urteetan egindako operazio askok (% 16,3) Gizarte Segurantzaren kontrako delituak izan dituzte jomuga, baina funtzionario-eroskeriaren kontrakoak (% 12,5), prebarikazioaren kontrakoak (% 9,8), bidegabeko eralgitzearen kontrakoak (% 8,2), Ogasunaren kontrakoak (% 8,1), delitu sozietarioen kontrakoak (% 4,6) eta influentzia-trafikoaren kontrakoak (% 2,6) ere egin dituzte.
Fernandez Diazen esanetan, Malaya auzia izan zen inflexio-puntua. Hortik aurrera, ustelkeriagatik atxilotutako lagunen kopuruak gora egin du urtez urte. Salbuespen bakarra 2014a da, 2.743 lagun atxilotu baitzituzten orduan.