Politika -
Imelsa auzia
Alfonso Grau Valentziako PPko alkateorde ohia atxilotu dute
Udalaren legez kanpoko finantziazio sarearekin zerikusia duelakoan atxilotu dute goizean. Karguekin aske utzi dute arratsaldean.
Agentziak | Erredakzioa
Alfonso Grau Valentziako alkateorde ohia (PP) atxilotu dute, Udalaren legez kanpoko finantziazio sarearekin zerikusia duelakoan, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez.
Valentziako Polizia Judizialeko guardia zibilek goizean atxilotu dute politikaria, eta haren etxebizitza bost orduz miatu dute. Arratsaldean karguekin aske utzi dute, Guardia Zibilaren Komandantzian deklaratzeari uko egin ostean. Sobornatzea egotzi diote eta Valentziako epaitegian deklaratu beharko du datozen egunetan.
Horrez gain, Grau Noos auziaren barruan epaitzen ari dira Palman.
Valentziako PPren ustezko diru zuritzearekin zerikusia dutelakoan 49 pertsona, horien artean 17 zinegotzi edo zinegotzi ohi, ikertzen ari dira. Deklarazioen amaierarekin bat egin du Grauren atxiloketak. PPk zuzendutako administrazioen kontratuen truke komisioen ustezko kobrantza ikertzen ari dira Imelsa auzian.
Aholkulari batek gaur deklaratu behar du; izan ere, bere agerraldia atzeratu behar izan zuten, abokatuak Noos auziko saioan parte behar izan zuelako Palman.
Praktikan alderdi politikoren antolakuntza desegitea eragin du auziak, Alfonso Novo PPko bozeramailea kanporatu eta Luis Santamaria diputatua gestio-batzordeko arduradun izendatu ondoren.
Beste bi adar eta 80 ikertu baino gehiago
Imelsa auzian, hilabeteetan zehar egindako entzuketen, miaketen eta testigantzen ondorioz ustezko zuritze auzitik at gutxienez beste bi adar argitara eman dituzte.
Guztira, 80 politikari, aholkulari eta enpresaburu baino gehiago ikertzen ari dira administrazio publikoaren aurkako delituengatik, besteak beste, prebarikazio administratiboa, diru publikoak bidegabe erabiltzea, eraginen trafikoa, kargudunak erostea, iruzurra, agiriak faltsutzea eta dirua zuritzeagatik. Gutxienez martxoaren 14ra arte sumario-sekretua indarrean egongo da.