Politika -
Diputatuen Kongresua
Aldaketaren alderdiek Nafarroako erabakiak errespetatzeko eskatu dute
EH Bildu, EAJ, Podemos eta IUko ordezkariak agerraldia egin dute Kongresuan, Nafarroako Parlamentuan onartutako 17 legeren aurka jarritako helegiteak erretiratzeko exijituz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bildu, EAJ, Podemos eta IUk bat egin dute Diputatuen Kongresuan eta aurreko legegintzaldian Espainiako Gobernuak Nafarroako Parlamentuan onartutako 17 legeren aurka aurkeztu zituen errekurtsoak bertan behera uzteko legez besteko proposamena aurkeztu dute.
Kongresuan egindako agerraldian, Alderdi Sozialistari ohartarazi diote, Gobernua osatzea lortuz gero, helegite horiek erretiratzera behartuta dagoela, Nafarroan hartutako erabaki askok sozialisten babesa dutelako.
Espainiako Gobernuak 17 arau errekurritu ditu, tartean Foruzaingoaren eta Udaltzaingoaren erregulaziorako legea eta 1950etik aurrera Estatuak eta eskuin-muturreko taldeek erabilitako indarkeria politikoaren biktimak aintzat hartzeko legea.
Aipatu alderdietako ordezkariek Nafarroako instituzioetan hartzen diren erabaki guztiak errespetatzeko exijitu dute eta Foru Parlamentuan onartzen diren arauen aurrean “salaketak sistematikoki” jartzea arbuiatu.