Politika -
ETAren kontrako borroka
Basagoitik Chavezi buruz: "Sar dezala petrolioa nahi duen tokitik"
EAEko PPren buruak adierazi duenez, "Venezuela da ETAren gordeleku berria" eta "askoz ere gogorrago eta irmoago" jokatu behar da Venezuelako presidentearekin.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti EAEko PPren buruak adierazi duenez, "Venezuela da ETAren gordeleku berria" eta "askoz ere gogorrago eta irmoago" jokatu behar da Hugo Chavez Venezuelako presidentearekin, eta "sar dezala petrolioa nahi duen tokitik".
Venezuelan ETAko kideak egon daitezkeen aukeraz, Basagoitik esan du "Chavezen Venezuela ETAren gordeleku berria" dela eta "askoz ere gogorrago eta irmoago" jokatu behar dela haren Gobernuarekin.
"Espainiak ezin dio utzi hiltzaile talde okerrenari eta Espainiako demokraziari gehien erasotzen dionari gordelekua izaten", gaineratu du.
Basagoitirentzat Espainiak bi arazo ditu gai horretan: "Chavez eta Castro Zapateroren oso lagunak ziren hirugarrena Gobernura iritsi zenean", eta "ez dute Venezuelari kontuak eskatzeko gaitasunik, petrolioa duelako".
"Batzuetan, duintasuna eta askatasuna diruaren gainetik daude: horregatik, sar dezala Chavezek petrolioa nahi duen lekutik, Espainiak askatasuna eta demokrazia babes ditzala, eta egin dezala herrialde horren kontra gure Konstituzioari eraso egiten diotenen gordeleku bilakatu delako", berretsi du Basagoitik.