Politika -

Segi

A-8an kateatzeagatik epaitzekoak ziren 3 gazte atxilotzea agindu dute

Ez dira epaiketara aurkeztu, eta horiek atxilotzea eta espetxeratzea agindu du epaileak.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako epaitegi batek hiru gazte (Ainara Ladron, Aritz Azkona eta Naroa Ariznabarreta) atxilotzea eta kartzelatzea agindu du, ez baitira aurkeztu horien aurka gaur egitekoa zen epaiketara.

Hain zuzen ere, 2007an A-8 autobidean kateatu eta zirkulazioa oztopatzea egotzita epaitu behar zituzten. Segiren ilegalizazioa salatzea zuen helburu ekintza horrek.

Protesta horretan Saioa Zerainek eta Asier Alberdik ere hartu zuten parte, eta horiek bai joan dira epaiketara.

Eleak mugimenduak "elkartasuna eta babesa" adierazi die bost auzipetuei, eta horien egoera "bidegabekeria" dela salatu du.

Plataforma horren esanetan, gaur "disidentzia eta elkartasun eskubideak" epaitu nahi izan dituzte, eta epaileak, "Fiskaltzak babestuta", Ladron, Azkona eta Ariznabarreta atxilotzea agindu du.

Halaber, A-8ko ekintzarekin "euskal gazteriak antolatzeko duen eskubidea aldarrikatu" nahi izan zutela adierazi du.

"Segi legez kanporatu zuten, 70 gazte atxilotu zituzten, eta, hainbat urteren ondoren, 70 ustezko terrorista horietatik 68 absolbitu zituzten, eta biri dagoeneko bete zituzten kondenak ezarri zizkieten", esan du Eleakek.

"Gaur, Madrilgo salbuespen epaitegiek ere onartu dute hori bidegabekeria izan zela, eta orain elkartasuna agertu zuten hainbat gazte epaitu nahi dituzte, bi urteko baino gehiagoko espetxe zigorrak eskatuta", deitoratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eguneko albisteak