Politika -

Curriculum berria

Euskarak presentzia gehiago izango du EAEko ikastetxeetan

Testu berriak 'Euskal Herria' terminoa mantentzen du, "kontzeptu kultural eta linguistiko bezala". Horrez gain, ETAren biktimen testigantzak bildu beharko dituzte ikastetxeek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehen eta bigarren hezkuntzarako curriculum berria onartu du Eusko Jaurlaritzak. Dokumentu horren arabera, euskara eta gazteleraren arteko ezberdintasunik ez da egingo eta bi hizkuntzek araudi-hierarkizazio bera izango dute.

Alabaina, testuak onartzen du euskarak laguntza handiagoa behar duela, hizkuntza gutxitua delako.

Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak eman ditu curriculum berriaren inguruko xehetasunak Gobernu-bileraren ostean. Gauzak horrela, aurreko legegintzaldian Tontxu Campos Hezkuntza sailburu izandakoak prestatutako testua aldatu dute.

Celaaren esanetan, euskarak "arreta berezia" izango duela esan du eta EAEko ikastetxeetan presentzia handiagoa izango duela iragarri du. Horrez gain, euskarazko ebaluazioak zenbait kasutan ez dira derrigorrezkoak izango. Adibidez, EAEra aldi baterako etorri diren ikasleek ez dute euskarazko azterketarik egin beharko selektibitate azterketa baino lehen.

''Euskal Herria'' terminoa

Bestalde, curriculum berrian ''Euskal Herria'' terminoa mantentzen da, baina ez "batasun juridiko-politiko-administratibo bezala", baizik eta "kontzeptu kultural eta linguistiko moduan".

"Euskal Herria euskararen herria da eta euskal literaturan XVI. mendetik agertzen da", esan du Celaak. Ildo horretan, azpimarratu du curriculum berriak "proiektu alderdikoiekin" loturarik ez duela eta "gainerako autonomiekiko errespetua" duela.

ETAren biktimen testigantzak

Horrez gain, testuak dio ikastetxe guztietara ETAren biktimen testigantzak iritsi beharko direla.&' || 'nbsp; Dokumentuak ETAren indarkeria gaitzesten du eta "zilegitasunik gabeko biolentzia" bezala definitzen du. Giza-eskubideenganako errespetua da helburua eta bide horretan ikastetxeen eginkizuna "biktimenganako enpatiaren alde" lan egitea da. Gauzak horrela, biktimek ikastetxeetako ateak irekita izan beharko dituzte euren bizipenak ikasleen aurrean azal dezaten.

Celaak derrigorrezkotasuna azpimarratu du, baina, era berean, argi utzi du eginkizun hori biktimen presentzia fisikoarekin ala ez betetzea ikastetxe bakoitzak erabakiko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea