Politika -
Inkesta
EAJ Gobernura itzuliko dela uste dute euskal herritarren % 48k
Bestalde, Otegi espetxera bidaltzeak bakea urruntzen duela uste dute euskal herritarren % 42k. PSEk ez du Gobernuan berriro errepikatuko, inkestatuen % 35en arabera.
Erredakzioa
EAEko herritarren ia erdiak, inkestatuen % 48k, 2013ko hauteskundeen ostean EAJk Euskadi berriro gobernatuko duela uste dute.
2009ko azaroaren 18tik 26ra telefono bidez egindako inkesta baten emaitzen berri eman du gaur Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak. Mila deiko bi txanda egin dituzte tarte horretan.
Galderen artean, legealdi honen ostean EAJ Jaurlaritzara itzuliko den galdetu dute inkestatzaileek. % 48k baietz erantzun dute eta % 17k ezetz.
Hiruko Gobernuaren boto-emaileen artean portzentajea handiagoa da, izan ere, 2009an EAJri babesa eman ziotenen % 68k Gobernura bueltatuko dela uste dute, EAko hautesleen % 65ek eta EBko boz-emaileen % 62k.
Era berean, PSEk Gobernuan jarraituko duen galdetu diete inkestatuei eta % 24k baietz uste dute, % 35ek, ostera, ezetz.
Eusko Jaurlaritzako Soziologia Azterketa Kabineteak ohartarazi duenez, emaitzak tentuz hartu behar dira PPko, Aralarreko, EAko, EBko eta UPyDko boto-emaileen iritzi gutxi jazo dituztelako.
Ezker abertzalea
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Batasunaren ilegalizazio epaia berretsi ostean, inkestatu gehienek, % 29k, "ezaxola" azaldu dute. % 24 "pozik" agertu dira erabakiarekin, % 20k "kezka" azaldu dute eta % 9k "haserrea".
Arnaldo Otegiren atxiloketaren inguruan, Otegi espetxera bidaltzeak bakea urruntzen duela uste dute EAEko herritarren % 42k. % 21ek, ostera, kontrakoa uste dute. Atxiloketaren alde egin dute % 38k eta % 28k aurka.
Estatutuaren ospakizuna
Gainera, Estatutua ospatu beharrik ez zegoela uste du gehiengoak. Horietatik % 21ek transferentziak falta direla uste dute, % 17ren esanetan, ez dago ezer ospatzerik Estatutua "Euskadirentzako nahikoa ez delako".
Aldiz, inkestatuen % 37 Estatutuaren 30. urteurrena ospatzearen alde agertu dira.