Politika -

Aberri Eguna

Eusko Jaurlaritza erorarazi nahi izatea egotzi dio PSEk EAJri

Txarli Prietok erantzuna eman dio Iñigo Urkulluk igande honetan esandakoari. Bestalde, Ezker Batuak kritikatu egin ditu EAJk eta ezker abertzaleak Aberri Egunean emandako mezuak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak "negar egiteari" uzteko eskatu dio gaur EAJri, eta "Gobernu demokratikoa erorarazteko xedez" gainerako alderdi nazionalistak "xurgatzen" saiatzea egotzi dio.

Prentsaurrekoan, Prietok gogor kritikatu du atzo Iñigo Urkullu EAJko presidenteak Aberri Egunean emandako hitzaldia. Horretan, PSE-PP itunaren aurka erantzun bateratua emateko deia egin zien buruzagi jeltzaleak gainerako alderdi nazionalistei.

Buruzagi sozialistak esan du Aberri Eguna "porrota" izan dela, alderdi nazionalistek zatituta ospatu baitute. Halaber, krisi garaian egonda, gizartea "banantzen" saiatzea leporatu dio Urkulluri, eta bere aberria maite duen batek ez lukeela hori egingo gaineratu du.

EAk, irakurketa positiboa egin du

Bestalde, Eusko Alkartasunak Independentistak sareak egindako ekitaldiaren irakurketa baikorra egin du.

Pello Urizarren alderdiaren esanetan, ekitaldiak erakutsi zuen abertzaleen batasun beharra, eta ETA "euskal politikatik kanpo" uzteko "beharra" sentitzen dutela burujabetzaren alde ari direnek.

EBk Aberri Eguneko mezuak kritikatu ditu

Bestalde, Mikel Arana EB-Bko koordinatzaile nagusiak kritikatu egin ditu Aberri Eguneko mezuak, EAJk "gizarte alderdikoiaren alde" egin baitu eta ezker abertzaleak "ETAren menpe" jarraitzen duela erakutsi baitu.

Aranaren hitzetan, alderdi jeltzalearen hitzaldiak nortasun kontuak izan ditu oinarri, "PPk eta PSE-EEk egin bezala". Hori dela eta, abertzaleen batasunaren aldeko deia "zertarako" egin duen galdetu dio Urkulluri.

Ezker abertzaleari dagokionez, Aranak esan du ez duela aprobetxatu ETAtik bereizteko, eta erakundearen azken agiriaren inguruan "balorazio baikorra" eman izana egotzi dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea