Politika -

Ustezko ustelkeria PPn

Luis Barcenasek 1,3 milioi euro kobratu zituen, komisio ilegaletan

Epaileak sekretutik atera du auzia, baina 50.000 txosten berriak dauden webguneak arazoak izan ditu goizeko lehen orduan eta, beraz, abokatuak eta akusazioak ezin izan dira sartu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Correak gidatutako ustezko ustelkeria trikimailuan, Luis Barcenas PPko senatariaren eta alderdi popularreko beste kargu batzuen izenak agertzen dira Antonio Pedreira Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiko abokatuak bideratutako ''Gurtel auziko'' sumarioan.

Sumarioaren arabera, "zalantzarik gabe", Luis Barcenas PPko diruzainak, 1,3 milioi euro kobratu zituen, komisio ilegaletan.

''Gürtel'' auzian inplikatutako enpresetatik etorriko litzateke diru hori, sumarioak azaltzen duenez. Horrez gain, epaileak L.B. siglak PPko zinegotzi ohiarenak direla esan du, "inolako zalantzarik gabe".

Cadena Ser-ek jakinarazi duenez, Correak Javier Arenas eta Francisco Alvarez Cascos inplikatu ditu, bera kontratatzeko erantzuleak izan zirela esanez.

Iturri berdinaren arabera, Alejandro Agagen kide batek diseinatu zuen dirua zuritzeko Correak Espainian zeukan sarea.

2006tik 2008ra bitartean PPko diruzain ohiak eta Rosalia Iglesias bere emazteak (auzian inputatuta ere) milioi bat euro baino gehiago inbertitu zituzten higiezinetan, 2009ko maiatzaren 8an jazotako Poliziaren txosten baten arabera; senar-emazteek kanpoko dirurik gabe erosi zituzten higiezinak, eta beraz, beraien baliabide ekonomikoak erabili zituzten.

Baliteke Barcenasek Rustfield Trading Limited enpresa "erabili izana" eta Gerardo Galeote eurodiputatu ohiak Awberry License egituratik "onura ateratzea".

"Madrilgo zenbait politikarik off-shore egiturak erabili zituztela" uste du Zerga Agentziak; besteak beste, Boadilla del Monteko eta Majadahondako alkate ohiek, Arturo Gonzalez Panerok eta Guillermo Ortegak, hurrenez hurren.

Era berean, Valentziako alderdi popularraren "finantzaketa irregularra" jasotzen du sumarioak. Horrela alderdiko ekitaldiak enpresarien diruarekin ordaindu omen zituzten eta "mesedeen truke horiei kontratuak ematen zizkioten". Fondo horien "eramailea" ustez Ricardo Costa Valentziako PPko idazkari nagusi ohia zen.

Orange Market elkartearekin, Correaren sarearekin, zuen zorraren zati bat beltzean ordaintzen zuen Valentziako PPk, "Valentziako enpresarien ekarpen zuzenekin", besteak beste, FACSAko Enrique Ortiz e Hijos, PIAFeko, SEDESAko eta LUBASAko arduradunak aipatzen dira txostenean.

Gainera, erkidegoko politikari askok Orange Marketen opariak jaso zituzten Gabonetan, adibidez, Milagros Martínez Turismoko kontseilari ohiak 2.400 euroko erloju bat jaso zuen, Rita Barbera Valentziako alkateak 815 euroko zorro bat, Vicente Rambla Valentziako Gobernuko presidenteordeak eta Ricardo Costak erloju gehiago jaso zituzten. Beste kargudun batzuek korbatak, puruak eta mantak izan zituzten opari.

Konploteko ekintzak Galiziara arte heltzen dira. Horrela, Pablo Crespo PPko antolakuntza idazkariak (90ko hamarkadan) "beltzean" ordaindu zituen 1996tik 1999ra antolatu zituen ekitaldi politikoen erdia baino gehiago.

Arazoak sumarioaren webgunean sartzeko

Gürtel auziko abokatu batzuk arazoak izan dituzte 50.000 txosten berriak dauden webgunean sartzeko. Gaur goizean, epaileak sekretutik atera du auziaren zati handi bat.

Orain, besteak beste, espetxean jarraitzen duten hiru auzipetu nagusiek (Francisco Correa, Pablo Crespo eta Antoine Sanchez) Pedreira epailearen aurrean egindako deklarazioak publikatu dituzte.

''Gurtel auzian'', Francisco Correa enpresaburuak ustez zuzentzen zuen ustelkeria sare batek PPrekin zerikusirik duen ikertzen ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea