Politika -

Gerra zikina

Pilar Zabala: 'Zergatik ez dute GAL ikertzen?'

Rafael Veraren kontrako auzia artxibatu ostean, Zabala minduta agertu da. Segundo Mareyren bahiketagatik 10 urteko zigorra ezarri zioten, "eta egun bakarra ere ez zuen egin kartzelan", gogoratu du.

Pili Zabala. Artxiboko irudia
Pili Zabala. Artxiboko irudia
Pili Zabala. Artxiboko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pilar Zabalak berretsi egin du GALen biktimak “umiliatuta, gaizki tratatuta eta mespretxatuta” sentitu zirela Rafael Vera Estatuko idazkari ohiak erakunde terrorista horrek bere balioa izan zuela esan zuenean.

GALek bahitu, torturatu eta tiroz hil eta kare bizian lurperatu zuen Joxi Zabala, Josean Lasarekin batera. Haren arrebak salaketa jarri zuen auzitegietan Rafael Verak egindako adierazpen horien kontra.  Juan Calparsoro EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko fiskalburuak aintzat hartu zuen eta Vera ikertzea eskatu zuen. Alabaina, orain Auzitegi Nazionalak kasua artxibatzea erabaki du.

Verak ondokoa adierazi zuen elkarrizketa batean: “Ikuspuntu legal batetik, gerra zikina akatsa izan zitekeen, baina praktikotasuna kontutan hartuz gero, bere papera izan zuen, (ETAren kontra) Frantziak kolaboratzea ekarri zuelako; beraz, nolabaiteko balioa izan zuen”.

Pili Zabalak berretsi egin du adierazpen horiekin GALen biktimak mindu eta mespretxatu egin zituela. “Gure sentimenduak zauritu zituen”, erantsi du.

Horrez gain, bere nebaren hilketarekin lotura izan dutenek inoiz ez diotela barkamena eskatu esan du. Soilik Daniel Arranz Bizkaiko gobernadore zibil ohiak aitortu zion hitzaldi batean, “bazekiela bere alderdiko politiko batzuek sortu zutela GAL”.

Idoia Mendiak Rafael Veraren aipatu adierazpenak “nazkagarriak” izan zirela esan izana “eskertzekoa” dela esan du Pili Zabalak. Alabaina, “niretzako hitz politak ez dira nahikoa. Hitzak baino, ekintzak eskatzen ditut”, azaldu du.

Honen guztiaren atzean “Estatu terrorismoa” dagoela esan du eta, ildo horretan, gogoratu du Verak ez zuela “egun bakar bat ere kartzelan egin” Segundo Mareyren bahiketagatik 10 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten arren.

Era berean, azpimarratu du Ricardo Garcia Damboreneak (PSE-EEren Bizkaiko idazkari nagusi izandakoak eta GALekin lotura izateagatik zigortutakoa) berak aitortu zuela Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak GALen inguruko guztia zekiela.

“Zergatik ez dituzte testigantza horiek ikertzen? Zergatik ez dute GAL ikertzen? Guztiok dakizkigu hainbat gauza, baina inork ez du ezer egiten. Zuzenbide Estatuaren erremintak dituztenek, juristek, magistratuek eta epaileek elkarlanean aritu beharko lukete eta biktimak babestu”, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak PSOE Epaiketak albisteak Gaurko azken ordukoa Pili Zabala Terrorismoaren Biktimak GAL albisteak