Politika -

Euskobarometroa

EAJk hauteskundeak irabaziko lituzke, baina Podemos oso gertu du

Jeltzaleak lehen indarra izango lirateke (22-23), baina Podemos hurbil (19-21) geratuko litzateke. EH Bilduk hirugarren tokia eskuratuko luke (13); ondoren PSE-EE (9), PP (8-9) eta Ciudadanos (1-3).

Euskobarometroaren emaitzak.
Euskobarometroaren emaitzak.
EAJ irabazle, Podemos oso gertu

1:31

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken Euskobarometroak Eusko Legebiltzarrean zatiketa nagusi izango dela aurreikusi du. EAJ alderdi nagusia izango litzateke 22-23 legebiltzarkide lortuta, baina Podemos oso gertu geratuko litzateke 19-21 eserlekurekin, Radio Euskadik aurreratu duenez.

EH Bildu hirugarren indarra izango litzateke 13 ordezkarirekin; ondoren PSE-EE 9 eserlekurekin, PP (8-9) eta Ciudadanosek Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza lortuko luke lehen aldiz (1-3 legebiltzarkide).

Honenbestez, ezkerreko blokeak gehiengoa izango luke Gasteizko Ganberan; abertzaleek ez, ostera. Dena den gobernagarritasuna zaila izango litzateke, eta egungo gobernua errepikatzea ia ezinezkoa.

Gainera, hauteskunde testuingurua oso aldakorra da, Espainiako Gobernua osatzeko zalantzengatik eta alderdi batzuetako lehendakarigaien gabeziagatik. Ondorioz, ezbaian dauden boto-emaileak % 24 inguru dira.

Formula hipotetiko logikoenek gutxienez hiru alderdiren babesa edo laguntza beharko lukete. EAJren eta EH Bilduren arteko akordio abertzale bat ez litzateke nahikoa izango, beste norbaiten babesa beharrezkoa baita. Podemos-EH Bildu ezkerreko aukerarekin gauza bera gertatzen da, eta EAJren eta PSE-EEren arteko ituna errepikatzea ezinezkoa izango litzateke.

600 inkesta

Francisco Llera irakasleak zuzendutako Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzi Politiketako taldeak 600 inkesta egin zituen urtarrilaren 19tik 31ra bitartean.

EAJk atzerakada txikia izango duela iragarri du Euskobarometroak, baina hiru lurralde historikoetan lehen indarra izango litzateke.

Bestalde, Podemosek emaitzak “hobetzen eta sendotzen” ditu. Lurralde guztietan bigarren alderdia izango litzateke, baina Araban nagusitasuna borrokatuko dio EAJri.

EH Bilduk atzera egin eta hirugarren geratuko litzateke. Koalizioa Gipuzkoan eta Bizkaian bigarren indarra izango dela iragarri dute inkestek, baina Araban laugarrena izango litzateke.

PSE-EEk 16 legebiltzarkide ditu egun. Sozialistek laugarren tokira arte atzera egingo dute, Euskobarometroaren arabera. Gipuzkoan eta Bizkaian laugarren leku hori mantenduko lukete, baina Araban bosgarrenera atzera egingo dute.

PPk 10 eserleku ditu orain. Alderdi Popularrak bosgarren tokira arte atzera egingo du, azterketak azaldu duenez. Araban hirugarren lekua lor dezake, baina gainerako bietan bosgarren izango litzateke.

Ciudadanos Legebiltzarrean sartuko da. Araban eserleku bat lortzea bermatuta du; eta Bizkaian eta Gipuzkoan beste bi eskuratu ditzake.

Ezker Anitzak eta UPyDk botoen % 3 eskuratuko lituzkete, baina ez dute Eusko Legebiltzarrean ordezkaritzarik lortzeko aukerarik.

% 67ko parte-hartzea

Parte-hartzea % 67koa izatea aurreikusi du Euskobarometroak, duela lau urte baino handiagoa. Inkestatuen % 70ek zaletasunak argi dituzte.

Euskobarometroko arduradunen arabera, boto fideltasunak behera egin du 2012ko hauteskundeetatik, eta horrek testuinguru aldakor bat sortu du. Hala, fideltasun handiena EAJko boto-emaileek dute (% 83), ondoren PP (%71), PSE-EE (%66) eta EH Bildukoek (% 65).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra EAEko hauteskundeak 2024 EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE Euskadiko PP berriak Euskadiko Ciudadanos Eguneko albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak