Politika -
Euroeskualdea
Nafarroa, Akitania-Euskadi euroeskualdeko kide berria
Bestalde, Alain Roussetek hartu du Iñigo Urkulluren tokia aipatu erakundearen presidentetzan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Akitania-Euskadi euroeskualdeak kide berria izango du: Nafarroa. Hala onartu dute erakunde horrek Arkautin egin duen asanbladan.
Nafarroako Gobernuak joan den urteko urrian eskatu zuen egitura horretako parte izatea, ekonomia, gizartea nahiz kulturaren alorrean proiektu komunak lantzeko eta “Europan toki esanguratsua izango duen elkarlanerako espazioa sortzen laguntzeko”.
Nafarroak 1992an sinatu zuen Euskadiren eta Akitaniarekin elkarlanean aritzeko protokoloa eta 2011an azken biek euroeskualdea eratu zuten, eskubide komunitarioaren baitan abian jarritako izaera juridikodun erakundea.
Azken bi urteotan Iñigo Urkullu lehendakaria izan da Akitania-Euskadi euroeskualdearen presidentea. Gaurko asanbladan, baina, Alain Rousset Akitaniako presidenteak hartu du haren lekua. Bi urtez izango da karguan.
Uxue Barkos Nafarroako presidentea, Manu Ayerdi presidenteordea eta Ana Ollo Harreman Instituzionaletarako kontseilaria izan dira bileran. Nafarroaren partaidetza onartu ostean, Urkulluk eta Rousset ongietorria eman diete.