Politika -
Atentatuak Bruselan
'Askatasun eta segurtasun esparrua' eratzeko deia egin du Urkulluk
Halaber, asteazken eguerdian euskal erakundeen aurrean egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko dei egin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak nazioartean "askatasun, segurtasun eta elkarbizitza esparru bat" eratzeko deia egin du, "izurik eta ankerkeriarik gabe". Halaber, bihar eguerdian euskal erakundeen aurrean egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin du, "xantaiaren aurrean zutik jarraitzeko".
Lehendakariak agerraldia egin du eguerdian Lehendakaritzan, eta Bruselako atentatuak gaitzesteko adierazpen instituzionala irakurri du, sailburuak alboan zituela. Eusko Jaurlaritzak irmo gaitzetsi ditu Bruselako atentatuak.
"Eusko Jaurlaritzak irmo gaitzetsi nahi ditu Bruselako atentatuak. Eusko Jaurlaritzak adierazi nahi du erabat gaitzetsi eta arbuiatzen dituela terrorismoaren basakeria eta bidegabekeria, oraingoan heriotza eta samina eragin ditu-eta Bruselako aireportuan eta metroan", adierazi du Urkulluk.
"Euskal gizartearen izenean, Eusko Jaurlaritzak elkartasuna eta hurbiltasuna helarazi nahi dizkie atentatu honen biktimei eta biktimen senideei. Belgikako Gobernuari eta Bruselako hiri osoari ere helarazi nahi die elkartasun mezu hau", gaineratu du lehendakariak.
"Dagoeneko helarazi diegu Belgikako agintariei atentatua gaitzesteko mezu hau, biktimekiko elkartasuna erakutsi eta nazioartean, izurik eta ankerkeria gabe, askatasun, segurtasun eta elkarbizitza esparru bat eratzen laguntzekoa", jakinarazi du.
"Aurrekoetan egin duen bezala, Eusko Jaurlaritzak dei egin nahi du bost minutuko elkarretaratzea egitera euskal erakunde guztien aurrean datorren asteazkenean, bihar, eguerdiko hamabietan. Izuaren xantaiaren aurrean, zutik jarraitzea erabaki dugula erakutsiko du. Esanahi gizatiarra eta nahitaezko koherentzia etikoa duen erantzuna izango da. Adierazi nahi dugu batera gaudela biktimekiko elkartasunean eta giza duintasunarekiko konpromiso utziezinean, eta horrek terrorismoaren indarkeria erabiltzea gaitzesteko jarrera argia dakarrela berekin. Aldi berean, ezinbestekoa da gure konpromiso demokratikoa balio demokratikoekin eta humanismoaren balioekin Europako proiektuak irudikatu eta atentatu hauek eraso nahi dituzten balio horiekin. Eusko Jaurlaritzak garrantzi eta esanahi hori eman nahi dizkie elkarretaratzeari eta izuaren aurrean tinko eusteko eta bizikidetzea eta nazioarteko harremanak demokrazian eraikitzeko borondateari", erantsi du.
Bihar, asteazkena, 12:00etan, beraz, bost minutuko elkarretaratzeak egingo dira euskal erakunde guztien aurrean, eta Eusko Jaurlaritzak elkarretaratze horietan parte hartzeko deia egin die herritarrei.