Politika -
Egunkaria itxi eta 7 urtera
Auzitegi Nazionalak gaur jakinaraziko du 'Egunkaria' auziko epaia
Hain zuzen ere, goizeko azken orduan publikatuko du. Epaileak ez ditu deitu bost auzipetuak, eta beraz, etxetik izango dute epaiaren berri.
Erredakzioa
Euskaldunon Egunkaria auziko bost auzipetuek Auzitegi Nazionalaren epaia ezagutuko dute gaur, hots, Juan del Olmo epaileak kazeta itxi eta zazpi urtera.
Epaia "goizeko lehen orduan" publikatuko du Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak, iturri judizialek zehaztuko dutenez.
Epaileak ez ditu deitu auzipetuak (Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga), eta beraz, etxetik izango dute haren erabakiaren berri.
Epaiketan, herri akusazioek (AVT eta Dignidad y Justicia elkartea) 12 eta 14 urte arteko espetxe zigorrak eskatu dituzte, ETAko kide izatea egotzita. Dena dela, Fiskaltzak bostak absolbitzeko eskatu du, ez baitago ETA eta egunkaria lotzeko frogarik. Akusatuek ere ukatu egin dute ustezko harreman hori.
Iazko abenduaren 15etik aurtengo otsailaren 1era, ETAko kide batzuek, tartean Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis-ek, errefusatu egin zuten Egunkaria ETAren menpe zegoela. Eta are gehiago, kazetari batzuen jarrera kritikoari esker gaur egun indarkeriaz iritzi ezberdina duela ziurtatu zuen Txelisek berak.
Guardia zibil batzuek ere deklaratu zuten, eta bi aldeen artean lotura argia zegoela esan zuten, baina ez zuten frogarik aurkeztu.
Auzipetuak, "oso urduri"
Atzo, Joan Mari Torrealdaik esan zuen "oso urduri" daudela, baina epaileak absolbitzea eta prozesu guztia "hanka-sartze itzela" izan dela aitortzea espero dutela.
"Aire falta zaigu, ez dakigu zer gertatuko den, lurzorua faltako balitz bezala da".
"Bilatu egin dute, argudioak asmatu eta luzatu dituzte, baina ez dute ezer topatu", gogorarazi zuen.