Politika -

Soziometroa

EAEko biztanleen % 66k hauteskundeak errepikatuko direla uste dute

Halaber, Espainiako Gobernuaren osaketak porrot egiten badu, buruzagi politikoen ahalegin eta interes faltagatik izango dela uste dute hamarretik ia seik.

Inkestan parte hartu duten gehienen ustez ez da gobernurik izango maiatzaren 2a aurretik. EFE
Inkestan parte hartu duten gehienen ustez ez da gobernurik izango maiatzaren 2a aurretik. EFE
Euskadiko heritarrak Espainiako gobernu osaketaren inguruan ezkor

O.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioek porrot egingo dutela eta Espainiako hauteskunde orokorrak errepikatu egingo direla uste dute Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren % 66k. Hala dio Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak gaur argitaratutako "Eusko Jaurlaritzaren balorazioa eta Gobernu zentralaren osaketa" izeneko ikerketak.

Informazio bilketa martxoaren 9an eta 10ean egin zuten 1.000 laguni telefono bidez egindako elkarrizketen bitartez: 250 Araban, 425 Bizkaian eta 325 Gipuzkoan.

Espainiako Gobernuaren osaketaz galdetuta, % 66k ez dute uste maiatzaren 2aren aurretik gobernurik osatuko denik, % 24k baietz uste dute eta % 11k ez dute erantzun.

Gobernua osatzeko balizko itunei dagokienez, hamarretik hiruk uste dute PSOE eta Podemosen arteko akordioa izango dela beste alderdi batzuen babesarekin edo abstentzioarekin. Alabaina, "koalizio handia" (PP-PSOE-Ciudadanos) osatu eta gobernua izango dela iritzi diote % 19k.

Gobernua osatzeko negoziazioek porrot egiten badute, buruzagi politikoen ahalegin eta interes faltagatik izango dela uste dute % 54k.

Buruzagi politikoek gobernua osatzeko negoziazioetan izandako jarreraren inguruan ere galdetu zaie inkestan parte hartu dutenei, eta Alberto Garzon IUko burua eta Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea dira balorazio positiboa lortu duten bakarrak. Beste aldean, Mariano Rajoyk jaso du baloraziorik txarrena (-82), Pedro Sanchezen (-55), Albert Riveraren (-45) eta Pablo Iglesiasen (-24) aurretik.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Eusko Jaurlaritzaren soziometroa Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira ere jarri da, eta, horren arabera, hamarretik zazpik uste dute EAJk irabaziko dituela, okerrik ezean, udazkenean egingo diren hauteskundeak. Gainera, boto gehien nork lortzea nahiko luketen galdetuta, EAJren alde egin dute galdetutakoen % 38k; EH Bilduren alde, % 14k; eta Ahal Duguren alde, % 9k.

Euskadiko eta Espainiako egoera ekonomiko eta politikoaren egoera

Euskal Autonomia Erkidegoko egoera politikoaz galdetuta, "erdipurdikoa" dela esan dute galdetutakoen % 46k, eta egoera "ona edo oso ona" dela esan dute galdetutakoen % 37k. EAEn azken hiru urteetan egoera politikoak hobera egin duela uste zuten galdetutakoen % 25ek 2014 eta 2015ean, eta % 37ra igo da aurten. Espainiako egoera "txarra edo oso txarra" dela uste dute, ordea, % 83k.

Euskadiko egoera ekonomikoari dagokionez, "erdipurdikoa" da % 59ren ustez; "ona edo oso ona", % 22ren iritzian, eta "txarra edo oso txarra", berriz, % 19ren arabera.

Eusko Jaurlaritzari buruzko pertzepzioa

EAEko herritarrek Eusko Jaurlaritzari buruz duten pertzepzioa hobetu egin da, eta azken hiru urte hauetan egindakoen artean positiboena da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Espainia Alderdi politikoak bideoak Eguneko albisteak