Politika -
Hiru urte errekurrituta
Kataluniako Estatutaren puntu polemikoak
Estatutua duela hiru urte eta erdi errekurritu zuten PPk, herriaren defentsariak eta bost erkidegok Auzitegi Konstituzionalaren aurrean. Magistratuak gaur bildu behar dira jarrerak hurbiltzeko.
Erredakzioa
Kataluniako Estatutuaren inguruko eztabaida amaitzear egon liteke Auzitegi Konstituzionalean. Magistratuak gaur bildu behar dira jarrerak hurbiltzeko. Estatutua duela hiru urte eta erdi baino gehiago errekurritu zuten Alderdi Popularrak, Herriaren Defendatzaileak eta bost erkidego autonomok.
Gaur arte eztabaida konplexua izan da eta osoko bilkura osatzen duten hamar magistratuek ezin izan dute epairik adostu. Dagoeneko bosgarren zirriborroa egin dute.
Auzitegi Konstituzionalaren eztabaidan nagusi izan ziren Estatutuaren puntu polemikoenak hurrengoak dira:
Katalunia, nazioa
Estatutuko hitzaurrean, Kataluniako Parlamentuak "Katalunia nazio gisa definitzen du", herritarren borondatea jazoz, eta Espainiako Konstituzioak "Kataluniako errealitate nazionala onartzen" duela gogorarazten du.
Nahiz eta punturik polemikoena izan Auzitegi Konstituzionalaren filtroa pasa dezake, testuaren hitzaurreak balio juridikorik ez duelako.
Eskubide historikoak
Estatutuko 5. artikuluaren arabera, "Kataluniako autogobernua herri katalanaren eskubide historikoetan oinarritzen da". Gairik eztabaidatuenetarikoa izan da hori, izan ere, konstituzionalista ugariren esanetan, nazionalitate eskubide bat onartzera bultza dezake horrek eta eskubide historikoen bidez autogobernuan aurrera egin.
Hizkuntza
Estatutuaren arabera, "katalana Kataluniako hizkuntza ofiziala da. Gaztelera ere, Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala delako". Horrela, katalanak gazteleraren tratu bera lortzen du, baina arazoa Auzite Konstituzionalarentzat hurrengoa da: artikuluak eta testuak katalanari lehentasuna ematea justizia edo hezkuntza bezalako esparruetan, hori Konstituzioaren aurkakoa izango litzatekeelako.
Ikur nazionalak
"Kataluniak bandera, festa eta ereserkia ikur nazionalak ditu, lehen artikuluak nazionalitate gisa definitzen duelako", esaten du Estatutuko 8. artikuluak. Hilabeteetan zehar eztabaida blokeatu du puntu honek Konstituzionalean. Katalunia nazio bat dela onartzea suposatuko luke horrek, magistratu batzuen hitzetan.
Eskubide eta betebeharrak
22 eskubide eta betebehar jazotzen ditu Estatutuak eta, besteak beste, arlo sozialari, politikoari eta lanari eragiten diete. Gainera, eskubide horiek bermatzeko mekanismoak ezartzen ditu testuak. PPren eta herriaren defentsariaren ahotan, horrela espainiarren arteko ezberdintasunetan "sakontzen" da.
Botere judiziala
Era berean, Justizia Administrazioan aldaketak sartzen ditu arauak eta lege Organiko baten bidez arau daitezkeen arloak ukitzen ditu, Konstituzioaren arabera. Antza denez, Auzitegi Konstituzionaleko magistratu gehienak ados dira tesi horrekin.
Blindatzea
Laugarren tituluak 57 eskuduntza arlo arautzen ditu, eta eztabaidatuenetarikoa izan da. Eskuduntza berriak barneratzen ditu eta arlo batzuetan blindatzea aurrikusten du Estatuaren murrizketak saihesteko.
Aldebiko harremana
Estatuarekiko harremanak "aldebikoak" direla onartzen du Estatutuak, aurrenekoz eta Generalitat-Estatua Aldebiko Batzordeari Estatutu maila ematen dio. Ondorioz, "berdinen" arteko harreman bat da, Estatutua errekurritu dutenen aburuz, Konstituzioaren kontrakoa.
Finantzaketa
Kataluniako Gobernuaren zergak handitzen dira: PFEZren % 50, BEZren % 50 eta zerga berezien % 58. Era berean, arautzeko ahalmen gehiago lortzen du Kataluniak. Kataluniako Zerga Agentzia sortzen da eta BPGren berdina Katalunian inbertituko dela bermatzen da.