Politika -

Eztabaida

Egibar: 'Autonomikoek eta orokorrek une desberdinak behar dituzte'

PSEk eskatu dio lehendakariari "gehiago ez mareatzeko", eta PPk ere uste du data zehaztu beharko litzatekeela. EH Bildu, halaber, bi hauteskundeak egun desberdinetan egitekoaren aldekoa da.

Joseba Egibar EAJko bozeramailea. Argazkia: EiTB.
Joseba Egibar EAJko bozeramailea. Argazkia: EiTB.
Egibarrek ez ditu Euskadiko hauteskundeak eta orokorrak batera nahi

1:09

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legebiltzarrean EAJko bozeramaile Joseba Egibarren iritziz, hauteskunde orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak "desberdinak" dira, eta, hortaz, ez lirateke egun berean egin behar.

Iñigo Urkullu lehendakariak aste honetan zehaztu duenez, "egoera normal batean" udaren ostean egingo dituzte EAEko hauteskundeak, baina aukera bat dela aurreratzea eta ekainaren 26an egitea, baldin eta ekainaren 26rako hauteskunde orokorrak deitzen badituzte.

Radio Euskadiko 'Parlamento en las ondas' politikarien arteko eztabaidan, EAJko bozeramaileak adierazi du "handiegia eta txarrerako" izaten ari dela eragina "Espainiako politikan ikusten ari garen ikuskizuna", benetan zalantzan jartzeko "hauteskunde autonomikoak orokorren datan bertan deitzea merezi duen".

"Hauteskunde desberdinak dira, bestelako politikak dira, estilo diferenteak dira", adierazi du, eta, hortaz, "une desberdinak behar dituzte".

"Ez dakidana zera da: zein benetako aukera ematen duen egutegiak bi deialdiak elkarrengandik desberdintzeko, eta nabarmentzeko hauteskunde autonomikoak ez direla Estatu mailako politikan dugun ikuskizun hau", esan du.

Pastor: "Ez dezala gehiago mareatu"

Eztabaida horretan bertan, PSE-EEko legebiltzarkide Jose Antonio Pastorrek eskatu dio lehendakariari "gehiago ez mareatzeko", eta uzteko "egunero keinua egiteari, gaur agian baietz, bihar agian ezetz".

Pastorrek hala erantzun du EAEko hauteskundeak aurreratzearen aukeraz galdetu diotenean. Pastorren iritziz, "askoz ere etikoagoa litzateke jolasean ez ibiltzea, eta lehendakariak esatea hauteskundeak aurreratu nahi dituen ala ez".

Gobernua osatzeko PSOEk, Ciudadanosek eta Podemosek huts eginda, PSE-EEko ordezkariak adierazi du "agerikoa" ematen duela "hauteskunde orokorrak errepikatuko direla", eta azpimarratu du bere alderdia ez dela koalizio handi batean sartuko PPrekin.

Garrido: "Zalantza argitu dezan lehendakariak"

Laura Garrido PPko legebiltzarkideak ere eskatu dio lehendakariari zalantza argitu dezala, "nahasketarik ez egoteko", eta esan du Espainian "hauteskundeak izango direla berriro, baldin eta Sanchez jaunak presidentea izateko ahaleginean izandako porrota onartzen ez badu", eta berorrek "jarrera aldatzen ez badu".

Garridok, azaldu duenez, uste du sen ona nagusitu beharko litzatekeela, eta defendatu du PSOEk, Ciudadanosek eta PPk egonkortasunaren aldeko akordioa erdietsi beharko luketela.

Matute, egun berean ez egitekoaren aldekoa, "baina ez da ezer gertatzen bat egiten badute"

EH Bilduko legebiltzarkide Oskar Matute, aldiz, egun berean ez egitekoaren alde azaldu da, baina zehaztu du ez litzatekeela ezer gertatuko orokorrak eta EAEkoak egun berean egingo balituzte.

Espainian, Matuteren ustez, bi aukera daude: "Hauteskunde berriak, ala koalizio handi bat".

Haren iritziz, presio handia egingo du botere finantzarioak, koalizio handi hori bultzatzea xede; Matutek dio presio horretan ekonomiaren egoera ahulaz hitz egingo dutela, nabarmentzeko beharrezkoa dela "gobernu kontinuista bat izatea, murrizketa-politikak erabiliz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Joseba Egibar bideoak EAEko hauteskundeak 2024 Espainiako hauteskunde orokorrak Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Nafarroa Euskal sozialistak Euskadiko PP Gaurko azken orduko albistea