Politika -
Gobernu osaketa
Maiatzaren 2rako gobernu akordioa izatea posible dela uste du Urkulluk
Azken orduko akordioetarako tartea badagoela esan du, Kataluniari erreferentzia eginez. Bestalde, 'baldintza normaletan' legegintzaldia amaituko duela azpimarratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Maiatzaren 2a baino lehen Espainiako Gobernua osatzeko akordioa lortzea posible dela uste du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta azkenaldian izandako "azken orduko" akordioak ekarri ditu gogora, Katalunian kasu. Urkulluren esanetan, "oso zaila" izango da akordioa, zenbait alderdi hauteskunde gauean beste batzuei jarritako baldintzengatik eta alderdi barruko egoeragatik "harrapatuta" daudelako.
Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketan, euskal agenda mahai gainean izango duen "gobernu-formula" bultzatzearen alde egin du lehendakariak. Horren harian, Urkulluk adierazi du inbestidura saioari aurre egin dion hautagai bakarrak ez ziola erreferentzia bat bera ere egin Euskal Autonomia Erkidegoari haren inbestidura hitzaldian.
PSOEren "makulua" Ciudadanos izanik, Urkulluk uste du zaila izango dela "euskal agenda" mahai gainean jartzea, horren hitzetan, Albert Riveraren alderdi laranjak Kontzertu Ekonomikoa ezbaian jartzen duelako "erabateko ezjakintasunetik".
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Iñigo Urkulluk azaldu duenez, "aukera gisa", baliteke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek Espainiako hauteskunde orokorrekin bat egitea, baldin eta horiek ekainaren 26an egiten badira. Hala ere, "baldintza normaletan", legegintzaldia amaituko duela azpimarratu du.
Urkulluren esanetan, uztaila lanerako hilabetea da Legebiltzarrean eta, beraz, Eusko Legebiltzarra abuztuan desegingo litzateke eta hauteskundeak uda osterako deituko lirateke, "baldintzak normalak badira".
Espainiako hauteskunde orokorrak eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egun berean egiteko aukeraz galdetuta, Urkulluk esan du aukera gisa posible dela, baina egoeraren baitan dagoela dena. Hala ere, legegintzaldia amaitzeko asmoa duela berretsi du.
Are gehiago, Eusko Jaurlaritza lanean martxa onean ari dela nabarmendu du, eta 14 egitasmo estrategiko eta sail ezberdinetan 40 plan gauzatze bidean daudela gaineratu du.