Politika -
Partaidetza bideratzeko
De la Cuesta, Terrorismoaren Biktimen Kontseiluko presidente berria
Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendaria izango du presidente Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak. Horren xedea da terrorismoaren biktimen partaidetza bideratzea.
Erredakzioa
Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua eratu dute gaur eguerdian Gasteizen. José Luis de la Cuesta irakaslea, Zuzenbidean doktore eta egun Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendaria dena, izendatu dute presidente. Biktimen Euskal Kontseiluak politika publikoetan terrorismoaren biktimen partaidetza bideratzea izango du helburu.
Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko kide izango dira, Administrazio Publikoen aldetik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua, Rodolfo Ares; Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendaria, Maixabel Lasa; Zuzendaritza horretako aholkulari laguntzailea, Txema Urkijo, Kontseiluaren idazkari-lanak ere bere gain hartuko dituena; eta Barakaldo eta Santurtziko alkateak, Tontxu Rodríguez eta Ricardo Ituarte, hurrenez hurren, EUDEL EAEko Udalen Elkartearen ordezkari gisa.
Gizarte zibilaren aldetik, hiru kide izango ditu, EAEn egoitza edo ordezkaritza duten terrorismoaren biktimen elkarteen ordezkariak: Cristina Cuesta (Covite), Joseba Markaida (Zaitu) eta Javier Correa (ACFSEVT). Milagros García de la Torre (Fernando Buesa Fundazioa), bere aldetik, terrorismoaren biktima bati lotuta EAEn sortutako fundazioen ordezkari gisa izango da bertan, eta Isabel Urkijok (Bakearen aldeko Koordinakundea), berriz, EAEko bake elkarteak ordezkatuko ditu.
Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteari buruzko ekainaren 19ko 4/2008 Legez sortzen da Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua, eta horren xedea da terrorismoaren biktimen partaidetza bideratzea haiei eragiten dieten gai guztietan, bai eta administrazio publikoei arlo honetako politika zehatzak abiaraz ditzatela proposatzea ere.
Organo kolegiatu honen eginkizun nagusiak hauek dira: terrorismoaren biktimen elkarteen eta euskal administrazio publikoen arteko harremanak bideratzea, Eusko Jaurlaritzari laguntzak eta diru-laguntzak banatzeko irizpideak proposatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak biktimen inguruan ematen dituen xedapenen berri izatea, eta EAEko administrazio publikoei bidezkotzat jotako ekimen eta proposamenak aurkeztea, biktimentzako politika publikoak hobetze aldera.