Politika -
Ustezko ustelkeria
Granadako alkatea, aske karguekin
Jose Torres Hurtado atxilotu du Poliziak, hirigintza-ustelkeriaren aurkako operazio batean. Hirigintza zinegotzia ere eraman dute atxilo.
Agentziak | Erredakzioa
Granadako alkate Jose Torres Hurtado aske karguekin utzi dute, Poliziaren aurrean deklaratu ostean; Torres asteazken honetan atxilotu dute, hirigintza-ustelkeriaren aurkako operazio batean. Ikerketatik gertuko iturriek jakinarazi diote Europa Pressi alkatea karguekin aske geratu dela. Isabel Nieto Hirigintza zinegotzia ere atxilotu dute.
Polizia Nazionaleko Delinkuentzia Ekonomiko eta Fiskalaren Unitateak miaketak egin ditu Granadako Udaletxean, Hirigintza-arloan, hainbat enpresatan eta etxebizitza partikular batzuetan ere; besteak beste, alkatearen beraren etxea miatu dute.
Guztira, 17 lagun atxilotu dituzte. Kontsultatuko iturrien arabera, aurreikuspena da atxilotuak aske geratzea Poliziaren aurrean deklaratu ostean. Sumarioko sekretupean dago auzia.
Alkatea Udalaren auto ofizialean joan da Poliziaren Bulego Nagusitik, 14:00ak aldera, eta etxean dago; arratsaldean, Hirigintza zinegotzi Isabel Nietok deklaratu du. Karguekin aske utzi dute gero.
12:55ean abiatu da Torres Hurtado Poliziaren Bulego Nagusira, eta etxetik Udaletxera iristeko erabili duen auto berean bertaratu da (zuria, eta kolore tindatuetakoa). Aurpegia kartoi batzuekin estali dute, eta, bitartean, hamar agente baino gehiago polizia-lerroa ari ziren egiten.
Europa Pressek kontsultatutako iturrien arabera, agenteek miatu dute Udalaren idazkariaren bulegoa, Karmengo Plazan, eta hainbat kaxa atera dituzte Hirigintzako egoitzatik, dokumentazioarekin. Halaber, zenbait etxe miatu dituzte, Jose Torres Hurtado alkatearena ere, eta Granadako hainbat enpresa.
Ustelkeriarik ez dagoela dio alkateak
Karguekin aske geratu ostean, Jose Torres Hurtadok bere "zintzotasuna" defendatu du eta dimisiorik emango ez duela azpimarratu du, Granadako udal-gobernuaren kudeaketan "ustelkeriarik izan ez dela" konbentzituta dagoelako.
Polizia-operazio honen harira sortutako "ikuskizun mediatikoa" kritikatu du eta hau guztia azken urteotan pairatzen ari den "jazarpen politikoaren" ondorioa dela salatu du.
Bestalde, PPk behin-behinean alderditik kaleratu ditu Granadako alkatea eta Hirigintza zinegotzia, ustezko irregulartasunak egiteagatik haien kontrako ikerketa abiarazi dutelako.
Alderdi Popularraren Eskubide eta Bermeen Batzordeak hartu du "premiazko erabakia, alderdiaren estatutuen 18.7 artikuluan oinarrituta".
Poliziak Granadako Hirigintza egoitzaren aurrean. Argazkia: EFE
Ustezko irregulartasunak Serrallo Plazako merkataritza-gunean
Granadako 2. epaitegia ‘Serrallo’ auzia zuzentzen ari da. Isabel Nieto (PP) Hirigintza zinegotzia ikertzen ari dira ustezko prebarikazioagatik. Ustezko irregulartasunak Serrallo Plazako merkataritza-guneko lursailaren inguruan gertatu ziren. Eremu berdea izan behar zuen, baina aisialdirako guneari baimena eman zioten.
Zinegotziarekin batera, Hirigintzako beste goi-kargudun batzuk ikertzen ari dira auzian. Nietok abenduaren 10ean deklaratu zuen.
"Delitu zantzuak" direla erabaki zuen Fiskaltzak bere garaian. Hirigintzako legedia ez-ezik prozedura ere urratu zutela frogatzeko "datu nahikoak" daudela azaldu zuen Ministerio Publikoak.
Granadako PPrekin harremanak hautsiko dituela iragarri du Ciudadanosek operazioaren ondoren. Honenbestez, aldaketa politikoa ahalbidetuko du Riveraren alderdiak Udalean.