Politika -

Garzon, akusatuen aulkian

Legebiltzarrak Garzoni babesa agertzea eskatuko du PSEk

Euskadiko Udal guztietan eta hiru lurraldeetako Juntetxeetan ere aurkeztuko dute proposamena sozialistek. PPk aurreratu du ez duela babestuko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEk ekimen bat erroldatu du Eusko Legebiltzarrean Gasteizko Ganberak Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileari babesa ager diezaion. Izan ere, haren aurka "jazarpen kanpaina" dagoela salatu dute sozialistek.

Garzon epaitu egingo dute Auzitegi Gorenean, frankismo eta Gerra Zibil garaiko desagerpenak ikertzen hasteagatik (eskuduntza ez zuela jakinda ere ikerketa hastea egotzi diote).

Ekimen hau sozialistek epailearen alde Estatu osoko erakundeetan aurkeztutako lehena izan da, eta Euskadiko Udal guztietan eta hiru lurraldeetako Juntetxeetan ere mahaigaineratuko dute.

Mikel Unzalu legebiltzarkide sozialistak sinatutako legez besteko proposamenean, PSE-EEk adierazi du Falengek eta Manos Limpiasek jarritako kereilek frankismoaren ikerketak galaraztea dutela helburu.

Sozialisten hitzetan, epailea auzipetzeak "alarma sozial" handia piztu du, eta Garzonek "aurrekaririk ez duen babesa" jaso du nazioartean.

Horrenbestez, "eskuin muturreko taldeek" abiatutako "jazarpen kanpaina"ren aurrean elkartasuna eta babesa agertzeko eskatu dio Legebiltzarrari.

PSE-EEk goratu egin du epaileak "demokraziaren zerbitzura" egindako lana, eta, beraz, frankismoari buruzko ikerketa ere babesteko eskatu du.

"Iraingarria da Garzon epailearen duintasun demokratikoarentzat Francoren oinordeko ideologikoen kereila baten ondorioz esertzea akusatuen aulkian", salatu du.

PPk ez du babestuko

Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak aurreratu du ez duela Garzonen aldeko ekimen "zentzugaberik", "PSEk edo Patxi Lopezek berak proposatzen badute ere".

Eusko Legebiltzarreko korridoreetan egindako adierazpenetan, buruzagi 'popularrak' kritikatu du "burugabekeria" dela sortu den mugimendu guztia, "bi Espainien teoria suspertu eta talde erradikalak aurrez aurre jarri nahi baitu".

Conde-Pumpudok kritikatu egin ditu Villarejoren hitzak

Bestalde, Candido Conde-Pumpido Estatuko fiskalburuak ziurtatu du asteartean Carlos Jimenez Villarejo ustelkeria kasuetarako fiskalburu ohiak Auzitegi Gorenari egindako kritikek "zentzuzko muga" gainditu dutela.

Izan ere, Gorenaren epaileak "faxismoaren tresnak" direla esan zuen.

Horren ildotik, Conde-Pumpidok errespetua eskatu du aipatu auzitegiko epaileentzat, eta prozesua Fiskalak eskatu bezala amaitzea espero duela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika