Politika -
ETArekin kritikoak dira
ETAko 5 preso Langraizeko espetxera eraman ditu Barne Ministerioak
Jose Luis Urrusolo Sistiaga, Caride Simon, Carmen Gisasola, Aitor Bores eta Koldo Carrasco dira, Efe agentziak jakin ahal izan duenez.
Erredakzioa
ETAko bost preso Langraiz Okako (Araba) espetxera lekualdatu ditu Barne Ministerioak azken asteetan, besteak beste, Jose Luis Urrusolo Sistiaga eta Caride Simon, Hipercorreko atentatuaren egilea. Presoak ETAren zuzendaritzarekin kritiko azaldu dira.
Efe albiste-agentziak argitaratu duenez, Aitor Bores, Carmen Gisasola eta Koldo Carrasco ere duela gutxi ekarri dituzte Langraiz Okara.
Iaz dagoeneko ETAren diziplina uzteko borondatea agertu zuten dozena erdi preso Langraizen bildu zituen Barne Ministerioak.
Urrusolo ''Madril'' taldeko kide historikoa izan zen 80ko hamarkadan. Urrusolok ETAren eta Batasunaren estrategiak kritikatu zituen 2008ko irailean argitaratutako gutun batean.
Gisasola ''Bizkaia'' taldeko buruzagia izan zen 80ko hamarkadan eta 1990ean Frantzian atxilotu zuten. 90eko hamarkadaren amaieratik jarrera kritikoa mantentzen du ETAren zuzendaritzarekiko.
Bestalde, Rafael Caride Simon 790 urteko espetxe-zigorra betetzen ari da, 1987an, Bartzelonan Hipercorreko atentatua egiteagatik. Eraso horretan 21 lagun hil ziren.
Villabonako (Asturias) eta Zuerako (Zaragoza) espetxeetara presoak eraman ditu Barne Ministerioak, indarkeriari uko egin edo ETA uzteko borondatea azaldu ostean, iturri berdinen arabera.