Politika -
Bilkura Legebiltzarrean
Patxi Lopez: "Jaurlaritzak ez ditu inkesten emaitzak ezkutatzen"
Jaurlaritzak azaroan egindako galdeketa baten emaitzak martxoaren 31n argitaratu zituela eta, Mikel Aranak atzerapen horren arrazoia argitzeko eskatu dio lehendakariari. Jarraitu bilkura zuzenean.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak ez dituela galdeketen inguruko datuak ezkutatu, "exekutiboari mesede egin ala ez", eta ikerketa soziologikoen harira araudi berri bat prestatzen ari direla iragarri du.
Horrela erantzun dio Mikel Aranak egindako galderari. Ezker Batuko legebiltzarkideak azalpenak eskatu dizkio lehendakariari, Jaurlaritzak azaroan egindako inkesta baten emaitzak martxoaren 31an argitaratu zituelako. Zehazki, atzerapen horren arrazoia argitzea exijitu dio. Iaz egin eta aurten publikatutako galdeketa horretan, EAEko biztanleen % 48k datozen hauteskundeen ostean EAJk berriro gobernatuko duela adierazi zuten; % 17k kontrako iritzi agertu zuen.
Lehendakariaren azalpena
Patxi Lopezek azaldu duenez, "gardentasunaren alde, Jaurlaritzak erabaki du ikerketaren emaitzak osorik aurkeztea". Aurreko gobernuak urte bi galdeketa publikatzen zituen, seihilero behin, bata ekainean eta bestea abenduan, ''Iritziak'' izeneko buletinean. "Lehen zatika ematen ziren. Aurreko gobernuak laburpen bat egiten zuen interesatzen zitzaizkion datuak hartuta eta orain osorik ematen dira, emaitzak ezkutatu barik, Eusko Jaurlaritzari mesede egin ala ez", azpimarratu du. Martxoan argitaratutako inkestaren emaitzak "oso osorik" zabaldu direla argitu ostean, lehendakariak onartu denbora "gehiegi" igaro zela galdeketa egin eta argitaratu zen arte, baina atzerapen hori Azterketa Soziologikorako Kabinetea egituratzen ari delako eman dela azaldu du.
Ildo horretan, Jaurlaritza galdeketa soziologikoak kudeatzeko araudi berri bat prestatzen ari dela jakinarazi du. Legebiltzarrak eztabaidatu beharko du inkesten emaitzak noiz argitaratu behar diren.
Berdintasunerako erakundeen bat-egiteari buruz hausnarketa
Bestalde, lehendakariak esan du Emakunde, Berdin eta Biltzen bezalako erakundeen balizko bat-egitearen harira hausnarketa "presarik gabe" egin behar dela, bikoizketak ekiditeko eta gastu publikoa zentzuz erabiltzeko. Ildo horretan, nabarmendu du gai honen inguruan ez dutela behin betiko erabakirik hartu.
Garbiñe Saez EAJren legebiltzarkideak lehendakariari leporatu dio tamaina horretako bat-egite bat egin nahi bada inplikatutako sektoreekin hitz egitea ezinbestekoa dela eta gaia "sakonki" aztertu behar dela. Joan den urtarrilaren 8an Idoia Mendiak iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak hausnarketa bat hasiko zuela, Berdintasunari lotutako erakundeen egoera aztertzeko eta haien bat-egitea burutzea edo ez erabakitzeko. Emakundek emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bilatzen du; Berdinduk homosexualei zuzendutako zerbitzua eskaintzen du; eta Biltzen etorkinen integrazioaz arduratzen da.