Politika -
Torturak
Salaketa jartzea edo barkamena eskatzea eskatu dio Catalak De Pradari
Espainian torturatu egin dela aitortu zuen Auzitegi Nazionaleko epaileak, Tolosan eskainitako hitzaldi batean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Rafael Catala Espainiako Gobernuko jarduneko Justizia ministroak adierazi du "onartezinak" direla Jose Ricardo de Prada Auzitegi Nazionaleko epailearen hitzak (Espainian torturatu egin dela esan zuen), eta praktika horiek salatzeko edo Segurtasun Indarrei barkamena eskatzeko eskatu dio.
"Jaun honek iradoki edo esan badu Espainiako Segurtasun Indarrek delituren bat egin dutela, horren berri duelako izango da. Ez du bete salaketa jartzeko beharra, delitu baten berri duten pertsonek salaketa jarri behar dutelako", esan du ministroak.
Catalaren esanetan, Espainia "Zuzenbide Estatua da, demokrazia, sistema judizialak herritar eta botere publiko guztien jarduera zaintzen duen herrialde bat".
"De Pradak delitu baten berri badu, auzitara jo beharko luke, eta denok legearen alde agertuko gara", gaineratu du.
Auzitegi Nazionaleko epaileak Tolosako Udalak antolatutako foro batean parte hartu zuen, eta, horretan, Espainian tortura "modu argian" erabili izan dela adierazi zuen. Gainera, eskuartean "susmo handia" zegoen hainbat kasu izan dituela azaldu zuen, eta ohartarazi zuen epaitegiek ez dutela eman "Zuzenbide Estatu batek eman beharko lukeen erantzuna".
JpD, De Pradaren alde
Bestalde, Demokraziaren aldeko Epaileak (JpD) elkarteak babesa agertu dio De Pradari, eta errefusatu egin ditu Jorge Fernandez Diaz jarduneko Barne ministroak egindako adierazpenak, epailearen aurka neurriak hartzea eskatu baitzion Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiari (CGPJ).
Elkartearen hitzetan, ministroak "erabili" egiten ditu terrorismoaren biktimak, eta De Pradak tortura kasuen aurrean kezka agertzea baino ez zuela egin aipatu du.
Hori horrela, elkarteak gogorarazi du hainbat tortura kasu "baieztatuta" daudela epaietan, eta PPren Gobernuak lau agenteri indultua eman ziela.