Politika -
Rubalcabaren hitzak
"Tarte batean abokatuak ziren, eta tarte handiagoan ETAko kideak"
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroaren hitzetan, Grande Marlaskaren erabakiak Guardia Zibilaren "tesia" babestu egiten du.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroaren esanetan, atzo Grande Marlaska epaileak igorritako autoak Guardia Zibilaren eta Espainiako Gobernuaren "tesia babestu egiten du", hau da, atxilotuak "tartetxo batean abokatuak direla, eta tarte handiago batean ETAko kideak".
Autoari "esker", Poliziak egindako "akusazioa izatetik" epaitegietako akusazioa izatera pasatu dela goraipatu du ministroak. "Orain ez da poliziak egindako akusazioa bakarrik, epaile batek babestutako akusazioa baizik".
Horregatik, Rubalcabak joan den astean Guardia Zibilak egindako operazioaren garantiza azpimarratu du.
"Oso garrantzitsua da, besteak beste, aspalditik mundu guztiak bazekielako ETAko presoen abokatu batzuk oso tarte txikian abokatu lanetan ibiltzen zirela, eta tarte handiagoan ETAko kide moduan".
Bere hitzetan, Marlaskaren autoan "nik esan nuena jartzen du, atxilotuek zer egiten zuten esaten du". "Kartzeletan ETArentzat lan egiten zuten, ETAko presoak kontrolatzen, besteak beste". "Frogak bageneuzkala esan nuen, eta auto honek nire hitzak babestu egiten ditu".