Politika -
Modu esperimentalean
Bakerako Hezkuntza Plana hurrengo ikasturtean abiatuko dute
Alderdi nazionalisten adostasuna lortzen saiatuko da Eusko Jaurlaritza hurrengo bi asteetan, baina "aurrera jarraitu" eta atzera egingo ez dutela azpimarratu dute.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak nazionalisten babesarekin edo babesik gabe Bakerako Hezkuntza Plana onartu eta ezarriko duela berretsi du.
Exekutibo autonomoak gehienez hiru aste barru onartu nahi du plana eta hurrengo ikasturtean abian jarri. Terrorismoaren biktimen testigantzak ikasgeletara eraman nahi dituzte.
Iragan ostiralean EAJk, Aralarrek eta EAk plana martxan ez jartzea eskatu zutenez, alderdi nazionalisten adostasuna lortzen saiatuko da Patxi Lopezen Gobernua hurrengo bi asteetan.
Zentzu horretan, "adostasuna lortzen saiatuko gara, baina aurrera jarraituko dugu. Ez dugu atzera egingo", azpimarratu dute Jaurlaritzako iturriek.
Exekutiboak, halaber, doktrinamendu salaketak ukatu ditu. Gizarte honetan denak, irakasleak barne, "terrorismoarekiko jarrera neutrala agertu behar dute. Denok kontra jokatu behar dugu".